Naiz Irratiaren ekimenez, Hala Bazan podkasta sortu dute, eta tradizio ezberdineko Euskal Herriko 40 ipuin entzungai daude jada. Ander Edo, Ane Gebara, Amaia Elizagoien, Dorleta Kortazar, Ixabel Agirresarobe eta Joxemari Carrere ipuin kontalariek hartu dute parte eta Euskal Herriko herri ezberdinetan bildutako ipuinak, kondairak, mitoak, eta bestelakoak aurkituko dituzue bertan.
'HALA BAZAN ipuinak' entzungai daude Spotify plataforman, ikusgai NAIZeko Youtube eta NAIZ irratiko webgunean eta, FM eta streaming bidez zabalduko dira astebururo bi ipuin, larunbat eta igande, goizeko albistegia amaitua (09:30ak aldera) ipuinen ordua izanen da NAIZ irratian. Gaurko estreinaldia, beraz, minutu batzuk barru artikulu hau 8.30etan irtetekoa baita.
Lehen denboraldian, Euskal Herriko ipuin tradizionalak bildu dira. Kontalari bakoitzak bere estilo eta ahots bakarrarekin kontatu ditu aspaldiko ipuinok. Kontakizunen artean daude ipuin mitologikoak: 'Tartalo', 'Galtzagorriak' edota 'Basajaun'; Kondairak: 'Atxorrotxeko kondaira' eta ahoz-aho transmitituak, adibidez Jose Migel Barandiaranek bildutakoak: Makilakixki, 'Hire arima niretzat' Joaquin Jimenezek Araban jasotakoak 'Sorginaren ukendua', Jean Barbierrenak: 'Azeria eta jaun kapitaina', edo 2024an argia ikusi zuen 'Eskoriatza eta Gatzagako betiko ipuinek' proiektuko aleak kontatu ditu Dorleta Kortazarrek: 'Ni Neu Naiz' edo 'Gaba gabekoendako'.
Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila herriko plazan.
Erantzun
Sartu