Teknologia albisteak

Ikergazte 2025: proposamenak bidaltzeko epea ireki da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:33

IkerGazte UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua da, eta aurten tokatzen da 6. edizioa: Maiatzaren 28, 29 eta 30ean egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Dagoeneko zabalik dago artikuluak bidaltzeko epea, adi, otsailaren 17ra arte. IkerGazteren helburua da euskal ikertzaile gazteek elkar ezagutzea, goi-mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea.

Ikertzaile hasi berriei, ikerketa talderen batean sartu berri direnei, doktore tesia egiten dabiltzanei, tesia azken urteetan aurkeztu dutenei edota Ikerketa lanen bat egin dutenei (MALa edo GrALa adibidez, beti ere ikerketaren kalitatea bermatzen baldin bada) begirako kongresua da IkerGazte. Diziplina anitzeko kongresua denez aurkezten diren komunikazioetan hori kontuan hartzea garrantzitsua da.

Komunikazioen interes eta kalitatearen arabera ahozko aurkezpen moduan, posterra duen mikroaurkezpen bezala edo poster gisara aurkeztuko dira maiatzaren 28tik 30era bitartean. Hautatutako lanak aurkezteko ezinbestekoa izango da kongresuan matrikulatzea.

Sariak egongo dira gainera: ahozko aurkezpenetan, 5 sari banatuko dira, jakintza arlo bakoitzeko bat. Sari berezi bat ere izango da, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik.

Adi, proposamen bat baduzu, lanek betebeharreko baldintzak zein idazteko ereduak aztertu. Informazio gehiago hemen.

Erantzun

Sartu