Teknologia albisteak

Patri Urkizu hil da, euskal antzerkigintzaren ikerlaria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:50

Patri Urkizu Sarasua (Lezo, 1946), idazle, ikerlari eta euskaltzain urgazlea, gaur hil da Donostian 74 urterekin. Euskal antzerkigintzaren ikerlari eta historialaria izan da, bere molde tradizionalena bereziki, beste hainbat arlotan euskal literatura eta euskaltzaletasuna oro har bultzatzeaz gain.

Filologia Erromanikoan lizentziatu zen Salamancan eta Euskal Filologian doktore bilakatu Euskal Herriko Unibertsitatean 1987an tesi honekin: "Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715" (Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean). Irakasle izan zen EUTG-n, Bordeaux III Michel de Montaigne-n, eta Madriden UNEDeko Unibertsitateetan. Euskal Idazleen Elkartearen presidente izan zen 1989 eta 1997 artean. Urtzi Urkizu (Lezo, 1975) idazle eta kazetaria haren semea da.

Bere ikerlan ugarik euskal antzerkigintza izan zuten gai. Ipar Euskal Herriko xaribariak, Zuberoako aste-lasterrak (irri-antzezpenak) eta pastoralak ikertu eta dokumentatu zituen (lan ineditoak argitaratu ere), eta Euskal Teatroaren Historia argitaratu zuen 1975ean. 1980ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzaren Antzerti eskola antolatzen egin zuen lan, eta bertan antzerki tradizionala irakatsi zuen. 2023ko Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostia Antzerki Saria eman zioten.

Bertsolaritzaren historia eta euskal ilustratu handiak, Agosti Xaho eta Anton Abadia, ikertu zituen halaber.

Saiakera ugariz gain, bi eleberri ere idatzi zituen: Etsipenez: Jon Chahoren memorioizunak (1984) eta Zoazte hemendik (1995).

Irudia, Ahotsak proiektuko bideo honetatik (Wikimedia Commons, cc-by).

Erantzun

Sartu