Teknologia albisteak

Euskaraz zainduak izateko eskubiderik badugu?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-10-28 : 15:09

Euskararen kontrako epaien oldarrialdien, azkenengoetako bat izan da Gipuzkoako entitate publiko bat, Kabia, kinkan jarri duena, ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epai batekin. Bertako langileak egonkortzeko prozesuan ezarritako euskara eskakizunak, euskararen normalizazioa "maximizatzeko" intentzioa omen dute, eta hori okerra da epaiaren arabera. Kabia adineko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen den organismo autonomo bat da, Gipuzkoako 16 herritan ditu egoitza, eta Foru Aldundiari atxikita dago. Herri hauetako euskara elkarte batzuek agiria kaleratu dure gaur, "Euskaraz zainduak izateko eskubidea badugu" goiburuarekin.

Gaur izan dira elkarretaratze batzuk Kabiaren kontu honengatik Kontseiluak deituak. Eta bada bihar besteren bat ere, adibidez Irunen (kartela, ilustraziorako, bertako deialdiarena).

Eta beheko agiria kaleratu dute honako euskara elkarteek gaur: Aitzondo (Irun), Dobera (Hernani), Eta Kitto (Eibar), Galtzaundi (Tolosa) eta Jardun (Bergara).

Euskaraz zainduak izateko eskubidea dugu

Gure herrietako adineko edota mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzetan lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaiaren berri izan dugu. Euskara elkarteok kezkaz bizi dugu, behin eta berriz, euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Azken epaiak, beste behin ere, euskararen biziberritzea oztopatzea du helburu eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da.

Zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako norantzan doa. Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Euskaraz artatua izatea ez bazaigu bermatzen, euskara erabiltzea oztopatzen zaigu euskaldunoi.

Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Adinean aurrera joandako edo mendekotasun egoeran dauden herritarrak dira zerbitzua zuzenean jasotzen dutenak eta egoera horietan are gehiago, zaintza behar bezala jasotzeko benetan erabakigarria da hizkuntza. Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea. Izan ere, zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu. Jasotako sententziak, ordea, Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea ezabatzen digu herritarroi.

Norabide berean sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara, eta argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna. Azken urteetan, kontsentsu zabalean oinarritutako eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira auzitegietatik. Beraz, euskararen biziberritze prozesuaz harago, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala jokoan dagoela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiari azken epaiari helegitea jartzeko eskatzen diogu. Eta bestetik, lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei eskatu nahi diegu, bakoitzak bere eskumenetik, euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea.

Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara bazterketarako tresna dela adieraztea. Guk, ordea, argi dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.

2024ko urriaren 28an.

Erantzun

Sartu