Teknologia albisteak

'Hizkuntzen Irabazia' Donostian: Hizkuntza gutxituen esperientzia digitalak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-10-25 : 09:12

FUEN erakundea (Federal Union of European Nationalities) hizkuntza gutxituen komunitateen Europako elkarte bat, zenbait erakunderekin zubi lana egiten duela. Nazioarteko biltzar bat antolatu dute azarorako Euskal Herrian, Langune elkartearekin batera: Hizkuntzen Irabazia (Benefits of language industry in the economy; hizkuntzen industriak ekonomiari ekartzen dizkion onurak aztertzea helburua). Donostian izango da azaroaren 26 eta 27an.

Langune da Euskal Herriko Hizkuntzen Industrien Elkartea. Languneren egitekoa da Euskal Herrian hizkuntzen industria sustatzea, sendotzea eta kohesionatzea, sektorearen eta kide elkartuen lehiakortasuna eta ikusgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Hizkuntzen Irabazia kongresua FUENekin batera antolatzen, Langunek nahi ditu erakutsi "euskarak hizkuntza teknologia berrietan atzean gera ez dadin egin dituen aurrerapausoak". Era berean aukera egongo da Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako ikuspegiak ikusteko, zer eta nola egiten duten ezagutzeko, eta galdera orokor batzuei erantzuteko:

  • Zein puntutan daude?
  • Zein ekarpen egin dio bere hizkuntzaren garapenak bere herriko ekonomiaren garapenari?
  • Zer iritzi du gaur egun Europar Batasunak hizkuntzen garapenari dagokionez?

Biltzarra Donostiako Kursaal jauregian izango da azaroaren 26 eta 27an, astearte eta asteazken batez. Bi egunetako egitaraua hemen.

Auto-sustapen pixkat eginez, ataltxo bat nabarmenduko dugu azaroaren 27ko programan, hor izango baita CodeSyntax, Sustatu egiten duen enpresa bere ordezkari Luistxo Fernandezen bidez (Languneren partaide ere bada CodeSyntax).

Entretenimendu-industriaren digitalizazioa (bideo-jokoak, etab.) hizkuntza gutxituetan

Sarrera: Harro Hallmann, Bund Deutscher Nordschleswiger-eko komunikazio-burua. Eta Hizlariak:

  • Luistxo Fernandez, CodeSyntax.
  • Jörg Hübner, Jokoak sorbieraz.
  • Adam Edwards, Tinint erakundeko zuzendari komertziala.

Luistxo Fernandezek azalduko du Egunean Behin jokoaren esperientzia, eta bere klon galestarrarena, Cwis Bob Dydd aplikazioarena, Tinint-eko Edwardsek.

Hizkuntzen Irabazia biltzarrean izena emateko, hemendik. Azaroaren 10a arte dago epea.

Erantzun

Sartu