Mintzola mintegia antolatu du Euskaltzaindiak urriaren 16rako (goizeko jardunaldia, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Tolare baserria. Almortza bidea, 6 Donostia). Ahozkotasunaren ikertegia da Mintzola, eta Bertsozale Elkartearen baitan jardun ondoren, egun Euskaltzaindiaren egitasmo bat da. Mintegia Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du, eta irekia eta doakoa da; nolanahi ere, ezinbestekoa da aurrez izena ematea donostiaordez (a bildua) euskaltzaindia.eus helbidera idatzita.
Jon Sarasuak egingo dituen sarrerako hitzen ondoren, hona 2024ko ikerketa-sarien deialdietan saridun izan diren lanak, mintegian azalduko direnak:
- Garazi Domínguez: Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa.
- Maddi Ormazabal: Euskal hizkeraren erritmoa.
- Odei Guirado: Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz.
- Ana Jaunarena: Nokaren higatzea Ortzaizen.
- Oihana Lujanbio: Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua.
Era berean, beste hiru aurkezpen ere egingo dira:
- Maddi Kintana: Gazteen hizkera BAM eta inguruan (Lapurdi).
- Arikala, lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketa (Ikastolen Elkartearekin eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan)
- Eñaut Agirre: Ahozko hizkeraren ezaugarriak.
Erantzun
Sartu