Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta euskal literatura aberasteko asmoz, XVIII. Tene Mujika beka deialdia egin dute, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena. Euskal Herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke.
Proiektuak mota anitzekoak izan daitezke: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
Azken urteetako irabazleak izan dira: 2022an, Jon Artano; 2023an, Alaitz Melgar, eta 2024an emana, Mikel Soto. Oraingo edizio hau 2025ean ebatziko da, baina lanak aurkezteko epea orain ireki da, abenduaren 9ra bitartean.
Informazio zehatzagoa (hemengoa laburpentxo bat baita) Debako Udalaren webgunean.
Erantzun
Sartu