Teknologia albisteak

Odon Elorzaren 'Twitter europar publikoa" beharbada ez da hain ideia ona

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-09-05 : 08:45

Abuztutik ekarritako gauzatxo bat. Odon Elorza Donostiako alkate eta PSE-EE burukide izandakoak proposatu du nolabait "Twitter europar publiko" gisa definitu daitekeena sortzea, kezkatuta X/Twitter nolako norabide nahasian dabilen Elon Musk nagusi duenetik. Erakundeen software garapen eta zerbitzuetan aditua den Jaime Gomez-Obregonek (Sustatun ezagutzen ditugu bere ekimenetako batzuk) erantzun luze eta argudiatu bat zuzendu dio, beharbada hain ideia ona ez dela azalduz. 

Hona Gomez-Obregonen argudioetako batzuk, laburtuta:

  • Musk eta Twitterren gertatzen dena baino, "Plataformen Internet" garatu izana da koxka. Web irekitik "lorategi itxietara" eraman dute iritzi-truke publikoa plataformek. YouTube, Facebook, X, GitHub, TikTok, WhatsApp, Telegram, Reddit, Discord, Twitch... Bakoitzak bere puntu zentraletik kontrolatu nahi du jarduna.
  • Beste "eztabaidagune zentral" bat baino (Europako sare sozial publiko ustezko hori), dezentralizazioa behar da.
  • Edukien moderazioaren auziak ez du konponbiderik (Gomez-Obregon kategorikoa da honetan).
  • Sektore publikoa "plataformak" sortzen saiatu denean, porrot digital handiak besterik ez ditu sortu. Adibideak: Quaero bilatzaile europarra izan behar zena (Googleri alternatiba), zeinak ehundaka milioi euro jan zituen 2004-2010 epean bereziki, inon haren arrastorik ez dagoelarik praktikan. Marketplace lokalak dira beste adibide bat, garatu izan direnak dozenaka Espainiako Estatuan (baita Euskal Herrian ere), ustez herri bakoitzeko merkataritza lokalari salmenta bideak irekitzeko, baina funtsean hilda jaiotako hilerri digitalak besrerik ez direnak.
  • Utopiei begiratu beharrean, Europak digitalki lortu duenari erreparatu behar lioke, eta oker argietatik ikasi. Horietako bat, cookien politikaren arauen ezarpena, eraldaketa tekniko garestiak behartu dituztenak, eta praktikan gauza bakarra lortu dutenak: jende guztia gogaitu.

Sakontzeko, irakurri:

Bing zerbitzuaren adimen artifizialeko irudien sortzailearekin egin dugu irudia.

Erantzun

Sartu