Atzo aurreratu zituzten zenbait tokitan lehen albiste eta irudiak, eta gaur baieztatu du Arabako Foru Aldundiak: Iruña-Veleiako aztarnategi erromatarrean zirku erromatar oso bat dago lurpean. Tira, haren arrastoak bederen, ez baitakite oraindik zirkuaren egiturak azalduko ote diren etorkizuneko indusketetan, edo paisaian utzitako arrastoak soilik, hori ere posible baita.
Arkikus enpresak diseinatutako eta zuzendutako proiektu pilotu baten emaitzak jakinarazi dituzte. Sistematikoki berrikusi dute Iruña-Veleiako aztarnategiaren gainazala zenbait teknikarekin: teledetekzioa, aireko argazki historiko eta modernoen berrikuspena, LiDAR kartografiaren eta drone hegaldietan lortutako irudien berriak.
251 hektareako azalera batean egindako lan zehatzaren ondorioz, aztarnategiaren zorupean kronologia erromatarreko eraikin eta/edo azpiegiturak daudela erakusten duten ehunka ebidentzia daude, zientzia arkeologikoak oraindik ez dituenak ezagutzera eman. Horien artean, nabarmentzekoa da 280 metroko luzera eta 72 metroko zabalera duen esparrua. Irudien arabera, erromatar zirku bat dirudi, ikuskizunetarako eraikin bat, non zaldi lasterketak eta beste ikuskizun batzuk egiten ziren. Lehen kalkuluen arabera, espazio honek 5.000 ikusle inguru har zitzakeen. Goiko irudian marraztu dugu aurkitutako egitura honen forma, sarrera laua iparraldean duela, Geoeuskadi-ko 2021eko ortoargazki librearen gainean.
Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zirku erromatarretatik hirugarrena izango litzateke, Tarraco (Hispania citerior-en probintzia hiriburua, egungo Tarragona) eta Calagurris (egungo Calahorra, "municipium" maila zuen hiria, baskoien hiria seguruenik) garrantzitsuen atzetik, eta, haietatik, jatorrizko trazadurari eusten dion bakarra, ez baitago egungo hirigintzan ezkutatuta. Hispania erromatarreko beste batzuekin konparatuta (Veleia Tarraconensis probintzia erromatarrean zegoen) txikiagoa da, Toledokoa 400x85m baitzen, eta Meridakoa 495x95m; baina Segobrigakoaren (272x75m) antzekoa da tamainaz.
Beste hainbat egitura ere aurkitu dituzte aireko irudiekin, eta indusketek azaleratuko dituzte hondarrak etorkizunean, finantziaziorik badago. Kaleak (batzuetan arkupedunak), espazio publikoak, etxebizitza auzoak, ustez gurtza kolektiborako ziren eraikinak, eta ur hornidurarekin edo hiri bilbearen saneamenduarekin lotutako azpiegiturak daude, besteak beste.
Guztiarekin, zuhurtzia pixka bat ere komeni da: Aldundiko arkeologia zerbitzuko buruak, Javier Fernandez Bordegaraik, ohartarazi du gaurko agerraldian balitekeela indusketa lanean gero zirkuaren egiturak ez azaltzea, paisaian utzitako arrastoaz gain, horien kontserbazioa nahiko zaila izan dela konprobatu delako beste hainbat kasutan.
Ikus Foru Aldundiaren informazioan banatutako irudian, lurrazpiko egituren multzoa.
Egitura batzuk detailean:
Azterketak aurkitutako zirkuaren zantzuak:
Zirkuari forma emanez:
Irudien jatorria:
Erantzun
Sartu