Google Translate sistema automatikoak 110 hizkuntza gehitu zituen joan den astean bere zerrendara. Adimen artifizialaren oinarri diren LLM edo Hizkuntza Eredu Handien teknologia erabili dute hau egiteko, zehazki PaLM 2 delakoa, ohar batean jakinarazi zutenez. Hizkuntza hauen artean, gutxiengotzat jo daitezkeen zenbait komunitaterenak daude, hala nola Tamazight hizkuntza, Mam edo Q'eqchi' Guatemalako hizkuntza mayak, Euskal Herriraino iristen diren erromaniera eta okzitaniera ere; edo garrantzi erregionaleko mundu zabaleko hizkuntzak ere bai, hala nola Afrikako afarera edo Txina hegoaldeko kantonera.
Google Translatek ulertzen dituen hizkuntza berrien artean, Euskal Herrikoak ere badiren bi hizkuntza gutxitu, okzitaniera eta erromaniera. Historikoki Ipar Euskal Herriraino iritsi izan den ijito europarren hizkuntza da, erromintxela hizkera eman zuena emaitza gisa. Hona erromanieraren hedadura historikoa Europan:
Okzitanierari dagokionez, bere aldaera bat, gaskoiera, Biarritz, Angelu eta Baiona hirien eskualdean mintzatzen da, eta hor aritzen da Baionako Gaskoi Akademia bere defentsan. Nafarroa Beherean ere Bastida ere enklabe gaskoia dela kontsideratzen da eta Zuberoan ere bada bearnesaren ukipen eremurik, Montori kasu. Artikuluaren irudi nagusirako bizi dugun hauteskunde kanpainako zeinu hirueleduna jarri dugu (cc-by-sa Wikipedia), adibide gisa.
Sistema okzitanierarekin nola dabilen konprobatu du Katalunian araneraren aldeko erakunde batek. Helburu hizkuntza okzitaniera jartzen duzunean, Languedoc-eko estandarrean emaitza onak ematen omen ditu. Jatorri-hizkuntza gisa, ordea, aranera edo beste aldaera batzuk erabilita, ulerpen ona erakusten du sistemak eta ondo itzuli (adibide horietan, araneratik katalanera).
Hizkuntza multzoak elkarrenganako itzulpen automatikoko norabide guztietan funtzionatzen dute, eta hortaz baita lehenago zeudenekin ere, euskara barne. Adibidez, hizkuntza berrien artean bretoiera eta abkhaziera daudelarik, Wikipediako orri bana euskarara itzultzeko eskatu diogu sistemari: hona bretoierarik Saudi Arabiari buruzkoa euskaraz emana, eta hona Itsaso Beltzari buruzkoa abkhazieratik ekarria. Bretoierazko adibidearen kalitateak ona dirudi, abkhazierazkoak kaskarra ordea.
Proiektuan lan egin duen Googleko Isaac Caswell ingeniariak egindako lanaren garrantzia azpimarratu du Twitterreko hari honetan, nola hainbat hiztun natiborekin landu dituzten hizkuntza hauek.
Google Translate euskarazko interfazearekin erabiltzeko, hemen: https://translate.google.es/?hl=eu
Erantzun
Sartu