Teknologia albisteak
1

Hitzaldia Donostian: Maorien datu burujabetza teknologikoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-07-02 : 09:18

Bihar asteazkena, Zeelanda Berriko / Aotearoako bi teknologoren hitzaldia izango da Donostian, Ibaetako kanpuseko EHUren informatika fakultatean. Te Taka Keeganek hitz egingo du "Maorien Datu Burujabetzaz", hizkuntza gutxitu baten ingurunetik erakunde teknologiko handiei egiten zaien erronka interesgarri batez. Albert Bifetek, berriz, software librean Zeelanda Berrian egindako garapen batzuez hitz egingo du. 

Bi ingeniariak Waikato unibertsitateko irakasleak dira. Hitzaldia izango da bihar uztailak 3, Informatika fakultateko Gladys del Estal aretoan, 11:30etatik 13.00etara.

Te Taka Keeganen hitzaldiak izenburua hau du: Adimen artifizial sortzailea eta Maorien Datu Burujabetza. Alor horretan lan egiten du Keeganek eta, bere hitzaldiaren laburpen aurkezpenean dioenez, Te reo Maori edo maorierari dagokionez, hizkuntza prozesamenduaren gaitasunak eta adimen artifizialak funtzionatzen duen erak nahiko emaitza onak ematen ditu (euskararen inguruan beste horrenbeste esan daiteke, oro har). Hala ere, konpainia handiek eta sistema hauek egiten dituztenek ez dute kezkarik azaltzen erabiltzen dituzten hiztun komunitateen ondareaz, ezta mozkinen edo onuren inguruko parketatzerik planteatzen. Horregatik, maoriek "datu burujabetza" deritzoen planteamendua ari dira lantzen. Horixe azalduko du Keeganek hitzaldian. 

Albert Bifetek, berriz, Waikato unibersitatean garatu duten software libreko tresna multzoaz hitz egingo du, Waikato Environment for Knowledge Analysis (WEKA)/ izendatu dutenaz.

Erantzunak

2024-07-04 : 21:36

Hitzaldi biak interesgarriak izan ziren.

Lehenean, hasieran,Te Taka Keeganek Maorien datu-burujabetasunaz aritu zen, printzipioak eta bidezko erabilpenak azpimarratuz.
Printzipio hauek zerrendatu zituen: Autoritatea, Harreman-sarea, Betebeharrak, Onura kolektiboa, Elkarrekikotasuna eta Zaintza. Maorien datuen burujabetza azpimarratu nahi izan zuen, estatuen legeen gainetik.
Indigenen datuen gobernantzaz aritu zen ondoren (https://www.gida-global.org/care) eta ezaugarri hauek aipatu zituen:
1) Bilatzeko modukoa (Findable), Atzigarria (Accessible), Elkarreragile (Interoperable), Berrerabilgarri (Reusable)
2) Onura kolektiboa (Collective Benefit), Kontrolatzeko autoritatea (Authority to Control), Erantzukizuna (Responsability), Etika (Ethics)
Bigarren partean Waikato unibertsitatean esku artean dituzten Adimen Artifiziala eta maoriera arloko proiektuez aritu zen, eta horretan beharrezkoa da Iwi (herria, leinua) zer den ulertzea: https://eu.wikipedia.org/wiki/Iwi
Hitzaldiaren diapoak hemen kontsulta daitezke: https://labur.eus/TeTakaMaori

Albert Bifetek Waikato unibertsitatean, eta Zeelanda Berrian, ikasketa automatikoaren arloan garatutako software libre arrakastatsuez aritu zen.
Javan oinarritutako Weka da ezagunena eta erabiliena, arloko teknikak ikasteko mundu osoan gehien erabiltzen dena izateraino. Urteekin Wekak grapen berriak izan ditu eta behar berrietara egokitzen joan da, ikasketa sakona edo multietiketa (MEKA) aukerak barneratuz esaterako.
Egun hainbat arlotan ikertzen dute: konputazio "berdean" (konputazio-baliabide gutxiagorekin ikastea), fluxuetarako ikasketa automatikoan (MOA), edo GPUtan azkarrago ikasteko aukeretan.
Garai hauetako joeretara egokituta Python-en oinarrituta tresna berri bat ere aurkeztu zuen: River.(riverml.xyz)
Hitzaldiaren diapoak hemen kontsulta daitezke: https://labur.eus/AlbertWeka

Erantzun

Sartu