Iñaki Alegria informatikari eta itzultzaileak gomendatu digu: "Sustatu-kide askok gazteleraz, eta batzuek aspaldi, irakurrita edukiko duzuenez hor konbitea bigarren irakurketarako (...). Eduardo Galdeanoren "Latinoamerikaren zain urratuak" liburua euskarara itzuli du Alegriak, eta albiste soil samar horretan erantzunak utzi dituenez, hona dakarkigu nabarmentxoago ager dadin.
Horra hor Iñaki Alegriaren konbitea irakurketarako:
"Oroimenean liburuaren lehen partea neukan (lehengaien eta nekazaritzaren esplotazioarena) baina berrirakurketa sakon honetan bigarren parteak harritu nau gehiago, mendekotasunaren eta liberalismoaren arteko uztarketaz aritzen denean, duela 50 urte gaur egungo hainbat gai aurreratu zituelako. Bestalde niretzat hain ezagunak ez diren herrialdetako historian sakontzea ere ekarri dit: Brasil, Venezuela eta Paraguai batez ere.
"Protagonistak metalak, elikagaiak eta erregaiak dira; indiarrak, konkistatzaileak, esklaboak, langileak eta latifundistak; herrialdeak eta tokiak, banketxeak eta multinazionalak; banana errepublikak, iraultzak eta estatu-kolpeak. Bidaia-liburu moduan ere sailkatu izan dute (munduko onenen artean dago halako sailkapenetan)."
Iñaki Alegriak Galeanoren beraren hitzak ere ekarri dizkigu gogora: "Badakit sakrilegiotzat har daitekeela dibulgazio-eskuliburu honetan ekonomia politikoaz aritzea amodiozko edo piraten nobeletan bezala. Baina aldapa gora egiten zait, aitortu egin behar dut, kodean idazten duten soziologo, politikologo, ekonomialari edo historialari batzuen lan baliotsu batzuk irakurtzea."
Eta baita Iban Zalduak hitzaurrean esandakoak: "Galeanok behin eta berriro gogora ekartzen digun une bateko «mirari» ekonomikoen eta ondorengo porroten ziklo errepikakor hori. «Gure esperientzia historikoa ez al da izan mutilazio eta desintegrazio etengabe bat, garapenaz mozorrotuta?», galdetzen zuen egileak bere epilogoan. Liburu hau historia hori azaltzen saiatzen da, eta, aldi berean, espiral horrekin amaitzeko tresna xume bihurtu nahi izan zuen."
On egin, eta gusto baduzue irakurri Iñaki Alegriari egindako elkarrizketa bat.
Erantzun
Sartu