Teknologia albisteak

23. Korrika bukatu da, hona Garazi Arrularen lekukoko mezua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-24 : 12:53

Gaur eguerdian duela minutu gutxi bukatu da Baionan 23. Korrikaren ibilbidea, 2.800 kilometro inguru egin ondoren. Azken kilometro edo tartea egin dute Ipar Euskal Herriko AEK-ko arduradun Boxente Claveriek eta Garazi Arrula editore eta idazle nafarrak, berak idatzia baitzen lekukoak zekarren mezua. Baionan irakurri duen Arrulak, jarraian duzue.

23. Korrikako mezua

Korrika da herri bat gose
iraun baino, haginka.
Herri anbiziotsu bat
ez baita husten agiritan.

"Mintzairaren seta guk dugu, erromantiko porrokatuok, pikuan bizi garenok, zozook". Halaxe zioen, ironiaz, zozo egoskor batek.

Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunekoek. Ez omen du primaderan kantatzen, eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino. Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa. Hizkuntzaren dimentsio guziak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. Egunerokoa hartu behar du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan.

Baina hemen gara, zozoen elean.

Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara.

Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat.

Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts, ez borondate libreko kontsumogai.

Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona.

Ez da beste, ez besteena.

Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri,
ez inposizio.

Bedi gutxiago konpetentzia, eta gehiago konpromiso, norabide, zeharlerro, harrobide.

"Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak
gu baizik ez gaitu". Halaxe zioen beste zozoren batek.
Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago.

Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini.

Bestela esanda, ez dugu hazkunde lasterreko espezieen industria laborerik nahi, tokian tokiko basoak nahi ditugu, hangok eta hemengok babes hartzeko eta bere egiteko, non zozoak izanen duen non kukutu, ibaiak nora isuri, onddoak zeri heldu, eguzkiak zer urtu.

Kontingentzia planik ez: egiazko trantsizioa nahi dugu.

Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du.

Elkar zainduz, bidea bizigarri eginez. Afektuaz ere ari baikara, afektatzeaz. Konplexurik gabe. Erabakitasunez bezala ahizpatasun haizez.

Tinko eta fermuki, ados, baina amultsu, narras, hauskor ere bai.

Gorputzetik pasako baita, halabeharrez. Desira bada transmisiorako bide behinena, ez dugu ahazteko hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa. Desira historia batean hasten da. Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko, euskaraz gara.

Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du.

Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten.

Biba korrika, harro herria!

Garazi Arrula Ruiz

 

Erantzun

Sartu