EAEko Hezkuntzaren Lege berria atzo onartu zen Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzako bi alderdien aldeko botoekin (EAJ eta PSE-EE). Onartutako testua atzoko ebazpenen dokumentuan (PDF) daukazue, 180. orritik aurrera. Aste honetan bertan Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen esateko legea "aukera galdu bat" dela "etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko".
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkariak agertu zuen Kontseiluaren posizioa, eta baita beste hainbat eragilerena: Hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoak (Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi), hezkuntzako langileen gehiengo sindikala (ELA, LAB eta STEILAS), bai eta euskalgintzako eragileak (AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU…).
Hala adierazi zuen Eskisablek: "40 urteko esperientziak erakutsi digu ereduen gainean eraikitako sistemak ez duela balio etorkizuneko belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko; are, segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen dietela milaka haurri. Euskararen normalizazioa eragozteaz gain desberdinkeriaren ezartzaile direla, gizarte kohesiorako traba. 40 urte esperientziak erakutsi digu hizkuntza-ereduen sistemak ez duela balio legeak berak finkatutako B2 helburura iristeko". B2 maila hizkuntzaren erabiltzaile independienteei dagokie; hau da, idatziz edo solasean esfortzu handirik gabe aritzeko nahikoa soltura dute maila hori egiaztatzen duten hiztunek, dela hizkuntza batean edo bestean.
Hizkuntza ereduen jarraipena da Kontseiluaren kritiketako bat, legearen testuan A, B eta D ereduen aipamen zehatzik ez den arren. Sistema horren ordez, "eredu orokortua" proposatu zuen Kontseiluak beste eragileekin 2021ean, "Euskaraz Hezi, Berdintasunean Hazi" proposamenean.
Irakurri Kontseiluaren balorazioa hemen.
Erantzun
Sartu