Teknologia albisteak

II. Mundu Gerrako AEBetako soldadu euskaldunen historia biltzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-12-21 : 11:06

Aste honetan Donostian egiten diren Eraldaroa biltzarrean (Euskal gizataldeen edo diasporaren VIII. mundu batzarra) aurkeztu den lan bat da Sancho de Beurko elkarteak azken urteetan osatu duen II. Mundu Gerrako AEBetako Armadako euskal soldaduen historia. "Fighting Basques: Memory of WWII" lanak 1.600 euskal jatorriko soldaduren datuak bildu ditu, eta horietarik 1.100 pertsonen biografiak osatu ditu. Hauetako batzuek, Okinawako Pazifikoko guduan parte hartu zutenek (eta bertan hil ziren bost euskaldunek) omenaldia jaso zuten hilabete hasieran (irudia ekitaldi horretakoa da).

Soldadu guztien artean, bereziki bizipen latzak izan zituzten Pazifikoko gerran Marineekin aritu ziren 48 euskal jatorriko soldaduek, bi salbu AEBetan jaioak hauek. Gehienak migratzaileen seme-alabak ziren, hogeita hamarrek Euskal Herrian jaiotako bi gurasoak baitzituzten, eta soilik 12 ziren bigarren belaunaldikoak, Diasporako kide gehienen jatorria Bizkaia, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko iparraldea ziren.

Bost izan ziren hildako marineak Bigarren Mundu Gerran. Bigarren Dibisioko Tankeen 2. Batailioiko C konpainiako Sebastián Garde Baca Tarawako guduan hil zen, 27 urte zituela. Hurrengo egunean Philip Olano hil zen, leku berean. Lawrence Erburu Laugarren Dibisioko 24. erregimentuko L konpainiakoa Kwajelaingo guduan eta Saipango guduan hartu zuen parte; bertan hil zen, alderdi bereko suaren ondorioz, 21 urte zituela. Lawrence Amoriza Guerricabeitia, Lehen Dibisioko 5. erregimentuko 1. batailoiko kidea Okinawako guduan hil zen, 19 urte zituela. Gerra amaitu ostean, Felix Ordoquihandy Barthelemy soldadua, Amorizaren kidea, Okinawako uretan itota hil zen, 21 urte zituela. Istripua baino lehen, Peleliuko guduan ere izan zen.

Okinawakoa izan zen 1945ko martxoko ekainera, II. Mundu Gerrako azken gudu handia. 177.000 japoniar hil ziren, defentsa suizida batean, eta AEBetako inbaditzaileen artean 12.500 hildako egon ziren, eta bost hildako euskaldun hauen artean, marine izan ez ziren arren. Horietako bat, Joseph Uriola Alkorta Boisekoa, 26 urterekin hila (Urriolabeitia zen zegokion aitaren benetako deitura, baina laburtuz erraztu zuen). Argazkiko gizon hau:

Pazifikoko Gerrako euskal partaidetzaren inguruan, bestalde, bada mito oker bat bere garaian hedatua egon zena: euskal soldadu haietarik batzuek kode-hiztun gisa parte hartu zutela, komunikazio miltar opertatiboetan euskara erabiliz mezuen sekretua gordetzeko japoniarren aurrean. Hizkuntza amerindiar zenbait erabili zituen AEBetako armadak horrela, baina euskara erabili zenik gezurtatu du ikerketa historikoa. Mitoa agian indar armatu amerikarrek beraiek zabaldutakoa izan zitekeela uste da, diasporako euskaldunen artean sinpatia lortzeko. 

Erantzun

Sartu