Teknologia albisteak

Hizkuntza ereduak gainditu: EHEren proposamena EAEko Hezkuntza Lege berriari begira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-12-08 : 10:17

Hilabete amaieran bozkatuko den EAEko Hezkuntza Legeari begira, Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) 10 puntuko proposamena kaleratu du, hizkuntza ereduak (A, B eta D delakoak) gainditu behar direla eta. Itxura guztien arabera, ereduen irautea ekarriko du orain artean PSE-EEk eta EAJ-k adostu duten legeak.

Honakoak dira EHEk EAEko Hezkuntza Lege berriari egiten dizkion eskakizunak:

1. Hizkuntza-ereduen sistema gainditzea. Murgiltze-eredua eskola publiko zein itunpeko guztietara zabaltzea eta gainontzeko hizkuntza-ereduak bertan behera uztea.

2. Murgiltze-eredua hobetzea. Testuinguru linguistiko zehatz bakoitzera egokituko den eredu bat. Ikasle guztiek euskarazko gutxieneko maila (B2) lortu dezaten, gutxiago duenari gehiago emango zaio; hau da, euskararen egoera ahulagoa den eremuetan hizkuntza gehiago indartuko da.

3. Euskara etxetik jaso ez duten ikasleei, eskola barruan, behar bezalako laguntza eta baliabideak ematea. Era berean, eskolaz kanpo eta behar den tokietan, eskolako lanak egiten laguntzeko doako zerbitzua antolatzea.

4. Finkatutako euskara-gaitasun maila hori lortzen dela bermatzeko, neurri eta baliabide zehatzak ematea eta, ikasketa-ibilbidean zehar, aurreikusitako mailen jarraipena egitea, ebaluazio-sisteman arlo horri leku eginez.

5. Euskal curriculuma garatzea. Horrek Euskal Herri osoko ikuspegi nazionala izan beharko luke, zazpi probintzietako errealitateak maila berean kontuan hartuz.

6. Euskararekiko atxikimendua eta jarrera euskaltzalea sustatzeko proposamen didaktiko integral bat garatzea, euskal nortasuna eta kultur-transmisioa ardatz hartuta. Ildo horretatik, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleen arteko harremanak eta mugikortasuna, zein Euskal Herriaren lurralde- eta kultura-ezagutza sustatzeko programak garatzea proposatzen dugu, besteak beste.

7. Lehen urteetatik ahozko hizkuntzaren estimulazio egokia egiteko kalitatezko baliabideak sortu eta familien eskura jartzea eta horiek behar bezala promozionatzea. Izan ere, hizkuntzaren garapena aztertzen duten zientzialariek hizkuntza gaitasunaren garapenean bizitzako lehen 5-6 urteetan horrek duen garrantzia azpimarratu dute azkenaldian.

8. Euskara inklusiorako eta kohesiorako tresna bezala ulertzea eta baliatzea. Segregazio sozioekonomikoa eta linguistikoa gainditzeko, Euskal Herrian hitz egiten diren gainontzeko hizkuntza guztiak (100 baino gehiago) kontuan hartuz eta balioetsiz, euskara hizkuntza komun gisa ulertzeak potentzial handia izan lezake.

9. Irakasleak eta ikastetxeetako gainerako langile guztiak euskaldunak izan daitezen ziurtatzeko hizkuntza-eskakizunak eskatzea, eta langileak euskalduntzeko plan zehatzak nahiz baliabideak ematea.

10. Hezkuntza formaletik haratago, euskarazko aisialdi osasuntsurako planteamendu integral bat garatzea. Eskolaz kanpoko ekintzak, ludotekak, kanpaldiak… eskaintzen direla eta horiek denentzat eskuragarriak direla bermatu behar da.

Erantzun

Sartu