Teknologia albisteak

Madonnaz eta Birjina gaztettoaz gehiago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-11-23 : 08:37

Herenegungo albistearen inguruan (Madonnaren bira berrian berriro euskara) informazio zehatzagoa osatu dugu azken orduetan. Batetik 'Birjina gaztetto bat zegoen' gabon-kanta gisa oso ezaguna dela ingelesez ('The angel Gabriel from heaven came'), apaiz anglikano batek 19. mende amaieran Euskal Herrian ezagutu zuenetik egindako itzulpena bategatik. Bestetik, ez dela nobedadea izan Madonnak aurtengo biran erabiltzea, Kalakanekin 2012ko hartan ere egindakoan ere azaldu baitzen, beste kontestu batean baizik.

Jamixel Bereau Kalakanekoak azaldu zuen atzo Euskadi Irratian nola jakinarazi zioten abesti honena Madonnari 2012ko biran. The MDNA Tour bira haren grabazio eta bideoetan bilatzen baduzue, Virgin Mary intro izeneko pieza batean agertzen da. Lehenbizi hebreerazko bertso batzuk, eta gero Kalakanen Birjina gaztettoa. Bideo honetan ikus, adibidez, 3. minututik aurrera. 

Euskal gabon-kanta tradizional gisa, 19. mendearen amaieran jaso zen. Lehen aldiz, dirudienez, Charles Bordesen eskutik eta frantsesezko edizio batean; baina geroxeago egile beraren Üskal noelen lilia eguberri-kanten bilduman (1897koa). Liburu honen transkripzioa, abesti honen hitzekin, Armiarmako Klasikoetan dago. Eta faksimila bera digitalizatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren fondoetan ikusgai. 1906an, Sebastian Hiriart-en beste bilduma batean agertu zen, Eskualdun Eliza-kantuak. Honen faksimil digitala ere eskuragarri dago. Horretatik hartua partitura, hemen:

Kontua da Erresuma Batuan ere kantu ezaguna dela, tradizio anglikanoan bederen, gabon-kanten erreportorioan. Euskal Herria ezagutzen zuen Sabine Baring-Gould apaiz anglikanoak itzuli zuen, eta Gabriel's Message edo The angel Gabriel from heaven came izenekin ezaguna da. Musikaren aldetik, bertsio ingeles horretako aldaera pixkat desberdina iruditu zaigu Kalakanen bertsiotik...

Rock eta pop munduko kantariek ere egin izan dituzte bertsioak, hala nola Marillionek edo Stingek. Estekan, honen bertsioa Top of the Pops programan 1987an.

 

Amaitzeko, euskal musikaren beste ekarpen handi bat, Kau Kori Kuraren Kolokon gaia:

Erantzun

Sartu