Teknologia albisteak

Ez askatu etxeko animaliarik urmael eta putzuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-11-21 : 12:26

Iñaki Sanz-Azkue biologo eta irakaslearen salaketa sare sozialetan: ez askatu etxeko akuarioetako animaliarik mendi eta basoetako putzu edo erreketan. Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatutako Gipuzkoako bazter batean, putzu naturaletan karpak ikusirik, horrek anfibioentzako dakarren arriskua salatu du Sanz-Azkuek. Beste lagun batek iruzkindu duen bezala: "Ez askatu inoiz arrainik (ezta dortokarik ere) urmaeletan ezta putzuetan. Hori ekiditeko modurik onena zuzenean horrelako animaliarik ez erostea, animali exotikorik ez erosi eta are gutxiago mendian askatu. Anfibioen eta burruntzi larben predatzaileak dira."

Iñaki Sanz-Azkueren hitzak jarraian.

"Izarraitz ingurua Europa mailan babestua dago. Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da. Gaur ikusi dudana, agian, txikikeria da, baina hemen botako dut, inguruko elkarteren batek, edo dagokionak, gaiari heldu nahiko balio. 

Baso-igel gorrien ugal garaia da eta dozenaka mendizale eta bizikletazale (gainetik) pasatzen diren putzutxo batean arrautzak topatu ditut. Erruteak, alegia. Horiek aurrera aterako diren, ez dakit, zapalduak izateko arriskua eta lehortzekoa, bai baitzegoen. Baina horrek baino gehiago arduratu nau, Xoxote atzealdeko putzu handira gerturatzean ikusi dudanak. Izan ere, hemen, ertz batean, arrautzak errun dituzte baso-igel gorriek, baina hauek aurrera ateratzeko... Zailtasunak izango dituzte.

Izan ere irudi honetan [klik egin handi ikusteko] ondo erreparatuz gero, bi puntu laranja topatuko dituzue. Karpinak edo arrain gorriak dira. Eta dozenaka ari ziren igerian. Horiek, noski, gizakiak etxerako erosi eta nazkatzean bertan askatuak dira. Gune babestuan!

Eta horrek, eragin negatibo handia izan dezake. Izan ere, arrain gorri horiek depredatzaile sutsuak dira eta baso-igel gorrien arrautzak ez dakit, baina zapaburuak, horiek bai jaten dituztela. Alegia, putzu hori, oraintxe tranpa bat da, ez soilik baso-igel gorriarentzat, baita inguruko beste anfibioentzat ere. Eta hori bizi garen gizartearen isla baino ez da. Gure arraintxoa ez zaintzearren berarentzat onena den eremu naturalenean uzten dugulako. Non eta, babesturiko eremu batean. Eta orain, arrain gorriz josia dago. Erne, gure sentimendu ekologistek ez baitute beti naturaren alde egiten...

Ez erosi arrain gorririk etxerako, faborez! Nazkatu eta gero, gainera, gure tristezia kentzeko putzuetan askatzen dugulako eta hanka-sartze ikaragarria egin. Xoxoteko kasua adibide gisa.

Eta orain, orain zer egin dezakegu bertan? Esan dezake norbaitek arrain horiek kendu daitezke? Ba... Bai. Putzu osoa hustuta eta berriz ere betetzen uzten. Baina, horrek, agian ez luke ekidingo jendeak berriz ere askatzea. Kartel gehiegi jartzea ez da egokia, baina agian bat jartzeak lagundu dezake... 

Bada pausu txiki bat, agian ez oso garestia, egin daitekeena ere. Ez putzuarena konpontzeko, baina bai eremu berri bat emateko erruteko. Izan ere, anfibio batzuei ura pilatzen den eremu berezi batzuk gustatzen zaizkie eta gutxitan izaten ditugu kontuan. Zeintzuk? Ur-askak. Eta Xoxoterako bidean bada aska zahar bat iturri batekin. Aska urik gabe dago eta lurrez betea. Hori konponduko balitz, auzolanean, euri urez ere beteko litzateke, eta hala mikrohezegune bat sortuko genuke eta aska zaharrari erabilera eman berriz. Eta gerturatuko dira. agian baso-igel gorriak, txantxiku arruntak eta uhandre palmatuak. Horrek ez luke putzu handiko arazoa konponduko, baina balio dezake auzolanean eginda, jendea kontzientzatu eta ugal-toki berri bat sortzeko. Eta hor proposamena, inork bustitzeko gogorik balu. "

Erantzun

Sartu