Teknologia albisteak

San Joan Ante Portam Latinam: duela 5.000 urteko Araba gerrak txikitua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-11-11 : 08:56

San Joan Ante Portam Latinam Euskal Herriko aztarnategi neolitiko interesgarrienetako bat da. Arabako Guardian dago, eta funtsean 300 gorpu biltzen dituen hobi komun bat da. Nature aldizkarian han ehortzitakoen azterketa berri eta zehatza argitaratu da, eta garai oso biolento baten arrastoak berreskuratu dituzte.

Duela 5 milurte pasakoa da San Joan aztarnategia.  K. a. 3365-3035 urteen artean datatu dituzte bertako gorpuzkiak. Lehendik ere aztertuta zeuden, eta ebidentziak bazeuden indarkeria zantzuekin hilak zirela asko. Horregatik izan da tokiarentzako hipotesi bat sarraski krudel batean denak hil zituztela batera. 

Azterketa berriak indarkeriarena baieztatu du, baina askoz datu gehiagorekin. Eta horien argitan, ez omen dago esaterik denak batera hil zirenik. Zauririk gabeko gorpurik bada, eta zauriak dituztenen artean sendatutakoak ugari dira; hau da, indarkeria bizi izan zuten, baina ez beharbada heriotzaren unean. Heriotzak, beraz, garai desberdinetan gerta zitezkeen... Gorpu kopurua ere zehatzago dakigu orain: 338 gizaki, 201 haur edo gaztetxoak; 137 adinez nagusiak.

Denak batera hil ez baziren ere, garai latzetan bizi izan ziren San Joango arabar neolitiko haiek. 338 gizakietan, trauma sendatuak (65 dira) eta sendatugabeak (89), zeinak hobiko %23.1 pertsonengan aurekitu diren. Horien artean, gizonezko nagusi eta nerabeak dira gehioengoa, borrokan mina hartzeko joera nork zeukan erakusten duen datua.

Horrek eta beste datu batzuek eraman dituzte ikertzaileak ondorioztatzera eskualdeko gizarte hartan gerra modu kultural jarraitu eta sofistikatua zela, erargin sozial askotarikoa, orain arte uste zena baino gehiago. Gerra haietan gezi zauriak bereziki ugariak ziren. Eta ez bakarrik aztarnategi honetan, inguruko beste batzetan ere aurkitu dira (gorpu kopuru askoz txikiagoekin), aipatzen direlarik Longar monumentua, Las Yurdinas II izeneko tokia, eta La Peña de Marañon harpea.

Ikerketa sinatzen dute, Teresa Fernández‑Crespok, Javier Ordoñok, Francisco Etxeberria forentse ezagunak, Lourdes Herrastik, Angel Armendarizek, José I. Vegas eta Rick J. Schultingek. EHU, Valladolideko unibertsitatea, Oxfordekoa, Aix-Marseille unibertsitatea eta beste zenbait erakunderen lana ordezkatezen dute sinatzaile hauek.

Artikulu zientifikoa eduki libre gisa argitaratu da Naturen. Bere irudien artean, hona bat ikusgarria, kraneoetan aurkitutako zauri sendatu (puntu berdeak) eta sendatu-gabeen (puntu gorriak) katalogo bat.

 

Natureko artikulua: https://www.nature.com/articles/s41598-023-43026-9 (bertatik libre jaitsi daiteke PDFa).

Erantzun

Sartu