Euskalgintzaren Kontseilua, eta hezkuntzako eta beste arlo batzuetako eragileek adierazpena aurkeztu zuten ostiralean EAEko Hezkuntza Lege berria eratzeko prozesuaz kezkatuta. Bereziki hizkuntza-ereduak (A gaztelerazkoa, B ustezko elebiduna eta D eredu euskatazkoa) "mantentzeko arriskuaren aurrean irakurketa eta eskaera bateratua" egin nahi izan dute.
Adierazpenaren sinatzaileen ustez:
"Hizkuntza-ereduetan oinarritutako sistema hori jada iraungita dago. Ez dugu guk esaten: orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak, frogatu du ereduak zaharkitutako tresnak direla. Hezkuntza komunitatean adostasun zabala dago horren inguruan; Jaurlaritza beretik ere adierazi da errealitateak berak utzi dituela atzera. Finean, hizkuntza-ereduak gaindituta daude eta ez dira eragingarriak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntza helburuak lor ditzaten."
"Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo du, ateak itxiz. Hau da, milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie (...) Horregatik deritzogu duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduen sistema sakonki diskriminatzailea dela, milaka ikasleri bertako hizkuntzaren gaitasuna lortzea galaraziko baitzaie, ofizialtasunak ezartzen duen euskara ezagutzeko eskubidearen eta botere publikoen betebeharraren kontra."
Lege proposamenak zehazten du derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek hizkuntza ofizial bietan B2 maila iristeko helburu; baina A-B-D ereduen urteetako esperientziak erakutsi du hori ereduekin lortzea ezinezkoa dela, horra adierazpenaren kezka nagusia.
Adierazpena sinatu dute Kontseiluak (zeinak 30 erakundetik gora ordezkatzen duen) eta beste hainbatek, tartean Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala (ELA, LAB eta STEILAS). Adierazpenaren aurkezpenean Kontseiluko zuzendaritzakide diren Elkar, AEK, Berria eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkariak izan ziren, eta bertaratu ezin izan zirenen artea, agerraldiarekin bat egin zuten EHIGEk, Euskaltzaleen Topaguneak, Artez Euskara Zerbitzuak eta IKAk.
Irakurri osorik hemen.
Erantzun
Sartu