Euskaltzaleen Topaguneak "Haurren aurrean helduok heldu" ekimena jarri du abian gaur. Euskal Herri osoko ia 80 herri eta auzok parte hartuko dute ekimenean urriaren 29ra arte. Aurtengo edizioak, bi helburu izango ditu: batetik, helduen arteko (eta, bereziki, gurasoen eta haurren zaintzaileen arteko) hizkuntza portaeretan eragitea eta, bestetik, euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea.
Ekimena 16 urtetik gorako helduei zuzendua dago: zehazki, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei eta haur horien zaintzaileei (senideak, lagunak, hezitzaileak…). Zergatik? Topaguneak azaldutako honengatik: “Sarritan umeei euskaraz egiteko esan eta gero guk gure artean, erdaraz egiten dugu. Haurrentzat erreferentziazkoak garela dakigun arren, hizkuntzarekin ere eredu bat ematen ari gara, eta horren kontzientzia hartu beharko genuke”.
Aktibazio sozialaren helburuaren aldetik. “Helduei euskararen aldeko pausoak emateko testuingurua ematen die ekimenak, euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta azken datuek erakusten duten joera aldatzeko ekarpena eginez”. Izan ere, 2021eko euskararen kale erabileraren inguruko ikerketaren arabera, haurrak dira euskara gehien egiten dutenak (%19,3); adinean aurrera egin ahala, ordea, erabilerak behera egiten du (helduen-gazteen artean, %14,3; heldu-nagusien artean, %9,3).
Kanpainako ekintzen zerrenda, materialak eta gidak, hemen.
Erantzun
Sartu