Teknologia albisteak

Fernando Unsain IZ-ko sortzailea hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-10-06 : 18:55

Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da Donostian, 78 urterekin. Fernando San Jose Arze zuen izena beerez, baina Unsain goitizenarekin zen ezaguna.

Pello Zubiriak jaso ditu bere bizitzaren printza batzuk Argiako hil-oharrean: "Beasainen langile familia batean jaioa, ofizioz mekaniko lanean hasi zen eta aldi berean musikaren bidetik oso gaztetatik abiatu. Goierriko Bostak taldean ageri da 1965ean, eta ondoko urtean Donostiako Gran festival de artistas noveles lehiaketa irabazi zuen. Bakarkako bideari ekinda, 1973an Ostenden (Flandria) irabazi zuen Nazioarteko Saria, euskarazko errepertorioa abestuz. (...) 1970eko hamarkada hasieretan ahots ezaguna zen Madrilgo eta Espainiako protestako kantari eta kantautoreen artean eta orduko “festival” haietan taularatzen zen. Adibide bat aipatzearren, 1976an, Franco hil eta bost hilabetera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan antolatutako Recital de los Pueblos Ibéricos jaialdi erraldoira bildutako milaka gazteen aurrean ageri da bere Fernando Unsainen izena Pi de la Serra, La Bullonera, Luis Pastor, La Fanega, Julia León, Elisa Serna, Adolfo Celdrán, José Antonio Labordeta, Pablo Guerrero, Mikel Laboa, Víctor Manuel eta Raimonekin batera. Nagusiki gaztelaniaz kantatzen zuen orduan."

1970eko hamarkadan, Madrildik itzulita, disko bat kaleratu zuen (Nire aitaren etxea defendituko dut - lan horren azala, 1976koa, gaurko artikuluaren irudia) eta IZ diskoetxearen talde fundatzailean egon zen. Harrezkero, musika pertsonalki egiten baino, ekoizpenean lan egin zuen. IZ-n katalogo zabal eta eklektibo bat osatzearen lan egin zuen: golk izan zitekeen euskal musika, tradizionala eta klasikoa, eta pop-rock-a ere bultzatu zituen. Koxka taldearen rock progresiboa grabatu bazen, adibidez, Unsaini esker izan zela gogoratu du Alfon Guillo talde hartakoak.

ETB jaio zenean, IZ-ren luzapen bat bultzatu zuen IZ-Bi bikoizketara emana, ikus-entzunezkoak euskaraz eman beharko zirelakoan ETB. Ikuskin ekoiztetxean ere jardun zuen, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen telebista saioak ekoizten eta baita Funtzioa edo Txiskola.

Erantzun

Sartu