Gaitu.eus kanpaina, euskarazko milaka ahots biltzeko helburu duena, abian da joan den astetik. “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, kanpainak herritarrei dei egiten die gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsa grabatzeko teknologia berriei euskara irakasteko. Adimen artifizialeko sistemen garapenerako ere funtsezkoa izan daiteke hau. Gainera, baliabide libre gisako bilketa egiten du Gaituk, Mozilla Fundazioaren Common Voice sisteman kargatzen baitira euskarazko ahotsak.
Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu:
• Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera izango da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz. Ikus irudian adibidea behean; esaldia agertzen zaizu, irakurri ondo, prest zaudenean sakatu mikrofono ikono gorriari eta grabatu, berriz sakatuz eteteko.
• Beste aukera, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatzea ematea da. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatu diote erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen denaontzat ematea izango da. Ongi badago, ongi dagoela adieraziz, eta zuzena ez bada, ez dela egokia ohartaraziz. Hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke. Ikus adibidea beheko irudian, sakatu diogu beste esaldi irakurketa bati, eta beste norbaitek grabatua entzungo dugu; ondo esana dagoela uste badugu, BAI sakatu, eta bestela EZ eman.
Gaitu kanpaina posible da “Common Voice” deritzon nazioarteko ekimenari esker, software eta eduki libreen alorrean ahots sintesi eta ezagupenari dedikatutako baliabide serioena orain artean.
Ekimen irekia da, irabazi-asmorik gabea, kolaboratiboa. 105 hizkuntzatan hasiak dira Common Voice-en ahots ekarpenak egiten, eta ia beste hainbestetan prestatzen ari dira. Kasu honetan, udazken honetako kanpaina hau, Common Voice euskararekin hornitzekoa, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sustatzen dute.
Kolaboratu https://gaitu.eus estekaren bidez. Zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto.
Erantzun
Sartu