Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzail, idazle eta euskaltzalea hil zen atzo. Euskalgintzako lankide porrokatua, 1987an EIZIE Euskal Itzultzaileen Elkartearen fundatzaileetako bat izan zen, eta 1997an Kontseilua sortu zenean (Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua orduan, Euskalgintzaren Kontseilua gaur egunean), bere lehen idazkari nagusia izan zen.
Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen, 1945. urtean, bertako Igartubeiti baserrian, gaur egun baserri-museo etnografiko gisa bisitatu daitekeen etxea. Donostian bizi zen aspaldian eta han hil zen atzo 78 urte zituela.
Filosofian eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta arlo horretan jardun zuen. Lan handia egin zuen euskarazko testuliburuak sortzen, eta Iker taldearen sortzaile izan zen 1974an. Saioka euskarazko ikasliburuak ondu zituen beste askorekin batera, hala nola, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak.
Halaber, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria. Itzultzaile gisa, euskarara ekarri zituen hainbat lan, hala nola Anton Txekhoven ipuinak, Thomas Mann-en Herioa Venezian edo Nietzcheren Honela mintzatu zen Zaratustra (1992), Jesus Mari Mujika Arakistainekin batera azken hau. Lan teorikoak eta saiakerak iodatzi zituen, adibidez; Itzulpengintza: historia eta teoria (1992, Elkar), Iparragirreren biografia bat (1981) edo Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra (1996).
1990eko hamarkadan, Kultur Kezka izeneko mugimendutik eta 1995ean Egunkaria Sortzen kultur elkarteak egindako deialdi batetik, Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak antolatu ziren eta prozesu haretan inplikatu zen Mendiguren. Jardunaldiaren ondorioetako bat izan Kontseilua sortzea, eta han lehen idazkari nagusia izan zen Mendiguren 2010. urtera arte. Kontseiluaren lehen ekintzetako bat 21. menderako Bai Euskarari gizarte-akordioa proposatzea izan zen, eta horren aurkezpeneko ekitaldi batekoa da artikulu honetako irudia (jatorria:Kontseilua).
Erantzun
Sartu