Espainiako Kongresuko hizkuntzen erabilpenean euskara (eta galiziera eta katalana) onartu ondoren, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen kontua dago. Espainiako kinka politikoak bultzatuta, Espainiako Gobernuak egin du eskaera hori; baina oztopoak eta kontrako jarrerak igarrita, bi abiadurako onarpena ere proposatu omen dute: katalanarekin aurrera, posible bada, eta ea gero euskara eta galiziaera. Kontestu honetan Euskalgintza Kontseiluko ordezkariak izan dira Bruselan eta handik eskatu diote Espainiako Atzerri ministroari euskararen ofizialtasuna ez atzeratzeko.
Ohar bat zabaldu du Kontseiluak. Bertan diotenez, "Kontseiluak kezka larriz hartu du Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna soilik lehenesteko iragarpena. Batetik, euskarari urrunarazi egin diolako Europar Batasunean ofizial izateko aukera, atzerapenaren planteamendua eta katalana lehenestekoarekin batera ez baitu adierazi euskararenganako (eta galizierarenganako) konpromiso eta egutegi zehatzik. Horrenbestez, euskal hiztunei eta euskararen normalizazio prozesuari Europako ofizialtasunarekin etorriko litzaizkieken onurak jasotzeko aukera erabat lausotu delako."
Katalana aurretik jartzea da, Kontseiluaren ustezm hizkuntza-auziaren planteamendu oker bat: "Hizkuntzen gaineko begirada supremazista bat, hizkuntzen garrantzia hiztun kopuruaren eta, orokorrean, boterearen parametroetan irakurtzen duena."
Bestalde, momentuz, katalanak ere ez du jaso pribilejio hori, hizkuntza ofizialaren izendapenarena. Izatez, kontua atzeratu egin du Europako Batasunak, eta hau ere kritikatu du Kontseiluak.
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntzen erreibindikazio honen harira joan da Bruselara, Kataluniako eta Galiziako beste erakunde batzuekin. Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sareak (ELEN) erakundeak gonbidatuta egon dira han. Han azaldu dutenez, ofizialtasunak eragin zuzena du hainbat xedapenetan: "Europa mailako estatus ofiziala funtsezkoa baita hiztunen hizkuntza-eskubideak babesteko. Era guztietako 500 lege-xedapen baino gehiago daude EBko hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera eskatzen dutenak, bereziki kontsumitzaileei eragiten dienean".
Irudia, hemendik hartua: ELENekoekin, katalanekin eta galiziarrekin, Kontseiluko idazkari nagusia, Idurre Eskisabel, ezkerretik hirugarrena.
Erantzun
Sartu