Adimen artifizialaren lehia eta garapenean Meta (Facebook-en enpresa izena iaztik) gogor ari da. Llama 2 izeneko LLM baten berri eman du berriki (LLM bat da, Large Language Model, hizkuntza modelo handi bat, adimen artifizialeko tresna berri gehienen oinarrian dagoen super-azpiegitura bat) eta haren inplementazioak ikusten hasi gara. Testu sorkuntzari dagokionez, emaitzak ez digu inpresio bereziki onik egin; baina audio ulertu eta itzultzeko garatu duten SeamlessM4T aplikazioa oso ona iruditu zaigu. Euskara ulertzen du (adierazi gabe ze hizkuntzatan ari zaren), eta oso ondo itzultzen du.
SeamlessM4T da Metak itzulpen automatikoari begira garatutako tresna bat, une honetan testeatzen ari direna, eta demo baten bidez probatu daitekeena. 100 hizkuntza ulertzen ditu ahoz (input-a jasotzeko orduan alegia), eta emaitza-itzulpena edo output-a litzatekeena 35 hizkuntzatan eman dezake. Euskara lehen multzoan dago, ez bigarrenean.
Input-a, gainera, hizkuntza desberdinetan egin dezakezu. Hasi batean eta beste batera igaro, abisatu gabe makinari. Demoarekin hau testeatzea zaila da, ze 15 segundu arteko grabaketak egin daitezke oraindik, baina euskara aurrez abisatu gabe detektatzen duela frogatu dugu. Emaitzak ez du URL permalink-ik edo audioa jaisteko aukerarik ematen, baina proba dezakezue zeuek ere.
Guk honako testua irakurri diogu Seamlessi:
"Tresna interesgarria dirudi honek. Euskaraz grabatu dezaket zerbait, eta itzulpen automatikoak ahozko itzulpena ematen dit. Iraultza bat sumatzen da etorkizunean gertu samar."
Gazteleraz, zera eman digu (parentesi artean gehitu dugu audioz desberdin esan duena, ez baitu audioak testukoa esan, pixkat desberdina den zerbait baizik):
"Herramienta (estructura) interesante parece esta, puedo grabar algo en euskera (eskera?) y la traducción automática me da la traducción oral, se nota (continua) una revolución en el futuro cercano."
Ingelesez, aldiz, audio zein testua bat datoz, eta gure iritziz, itzulpen eta ahots hobearekin eman du emaitza:
"This seems to be an interesting tool, I can record something in Basque and the automatic translation gives me an oral translation, a revolution is felt in the near future."
Beste hainbat hizkuntzarekin saia gaitezke... tartean galesa, swahilia, errusiera...
Iruditu zaigu makinari esan diogun hori... Iraultza bat sumatzen dela etorkizunean gertu samar. Une bat non telefonoz edo sistema informatiko batez euskaraz hitz egin ahal izango dugun, eta entzuleek output bat jasoko duten euren hizkuntzan. Eta alderantziz ere, oraingoz Seamless-ek euskarazko emaitzarik eman ez arren.
SeamlessM4T tresnari buruz gehiago:
Erantzun
Sartu