Teknologia albisteak

Udako abestiak: ETA eta Que te vote Txapote

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-12 : 19:29

Tira, udako abestiak, ez beharbada jaietako txozna eta tabernetan entzungo dituzunak bozgorailuetan, edo Spotiffyko zerrendetan agertuko zaizkizunak, baina bai nolabait, motibo politikoengatik zeresana eman dutenak (batak besteak baino gehiago, ETA delakoarengandik gehiago espero genuen arren, egiazki). 

Que te vote Txapote

Que te vote Txapote 2023ko Espainiako hauteskunde orokorretan, eskuineko alderdien lelo ez-ofizial moduko bat bilakatu zen uztailean. PSOEri eta Pedro Sanchez hautagai eta gobernuburuari zuzendutako kritika izan zen, ustez EH Bildurekin bat egin zuelako aurreko legealdian PSOEk, eta Bildu lotzen dutelako ETArekin, zeinaren kide izana den Javier Garcia Gaztelu, Txapote. Leloaren erabilpena kritikatu zuten ETAren biktimen zenbait elkartek, hala nola Covitek edo Fernando Buesa Fundazioak, baina beste batzuek kritika legitimotzat jo zuten, hala nola Marimar Blancok.

Idatziz elastikoetan-eta zabaltzeaz gain, ahotsez ere zabaldu zen, The White Stripes taldearen Seven Nation Army abestiaren leloarekin lotuta (aurretiaz futbol munduan zabaldutako lelo bat). Sintonia hau bereziki San Fermin jaietan zabaldu zen adibidez.

Espainiako hauteskunde hori igaron ondoren ere, leloa eskuineko kantu tipiko gisa geratu zelako zantzuak agertu dira. Esate baterako, 2023ko abuztuan Lisboan egindako Gazteen Mundu Jardunaldira (topaketa katoliko bat) Espainiatik joandako gazteen artean kantatu dutela ikusi dugu.

Bideo hau bertsio masibo batekoa da, ez dirudi The White Stripes-ek beren bideoa kapsulatzeko baimenik ematen duenik:

ETA (K-pop estiloan)

ETA Hego Koreako NewJeans K-Pop neska taldeak grabatutako abestia da, uztailaren 21ean kaleratua. Kaleratzeak ez du berebiziko polemikarik eragin, baina haren iragarpenak, teaser bideo baten bidez, bai ekainean, Aiora Mujika Probatxoak K-Pop aditu euskaldunak jaso zuen bezala.

Espainiako K-pop jarraitzaile batzuek eta sareetako polemistek kexuak azaldu zituzten, nola zitekeen ETA gaitzat edo izenburutzat hartuta kantu bat egitea, ez ote zen hori ETAren biktimei eta Espainiari irain egitea. "ETA" terminoak, abestiaren kontestuan, "Estimated Time of Arrival" (garraiobide eta aireportuetako terminoa, kalkulatutako iritsiera-ordua, euskaraz) nahi zuela argi samar egon arren, detaile susmagarriak ere nabarmendu zituzten kritika egin zutenek: aurrerapen bidean ETA euskal tipografiaren antzekoa zen letra tipo batean zegoela, batetik, eta bestetik bideoaren egiletza lotzen zela "Eva, Mikel eta Maria" izenekin, nonbait ETAkide izan diren pertsonak oroituz.

Tira, azkenean irten zen abestia eta... hortxe dago. Bartzelonan grabatua da iPhone batekin eta grabaketa horrekin zerikusia duten profesional batzuk izango dira  "Eva, Mikel eta Maria", pentsatzen dugunez. Baltimore Club house estilo dantzagarriko kantu bat da, eta bideoa ba, K-pop estilokoa noski. What's your ETA? What's your ETA? dio leloak, nolabait esateko, noiz iritsiko zara? noiz iritsiko zara?

 

 

Erantzun

Sartu