Teknologia albisteak

PuntuEus domeinuaren eboluzioaren datu bikainak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-16 : 10:07

Uztailean informatu genuen nola PuntuEus Fundazioaren Behatokiak 2022ko bere emaitzak aurkeztu zituen, bereziki azpimarratuz Googleren hizkuntza diskriminazioa gertatzen ari dela euskararazko emaitzak erakusteko orduan. Baina Behatokiak beste datu batzuk ere bildu ditu, zantzu positiboekin, eta horietako batzuk dakartzagu gaur ona.

Batetik, goiko grafikoak erakusten duen bezala, PuntuEus domeinuen hazkundea etengabea da (ikus bilakaera historikoa beheraxeago) eta bereziki azpimarratzekoa da zenbaki horietan ia 15.000 domeinu direla jada .eus luzapena dutenak, eta berritze tasa ere bai (domeinuen %90 inguru, iraungitze data iristean, berritu egiten dira). .com eta .es domeinuen ondoren, domeinu erabiliena da Euskal Herrian. Hazkunde tasa azpimarratzekoa da bereziki, bi urteren alderaketan, ia %9 gehiago, non Internet osoan domeinu berrien urteko hazkundea %2koa den.

 

Euskara, puntueus webguneen %76an agertzen da, eta hau bada azpimarratzekoa, ze Fundazioak Euskal Herriko webgune guztien azterketa bat ere egiten du (%90a betetzera iristen den lagun batekin), eta webgune horietan (hau da, merkatu osoan) ikusten da %14 dela euskararen presentzia. Hortaz, "arnasgune" digitala da puntueus-ak, euskararen presentzia digitalarentzat mugarri inportante bat, %76 horrekin.

 

Tipologikoki, %72 webgune nagusi edo osoak markatzeko erabiltzen da .eus, eta %14 dira desbideraketak.

Eta beste tipologia interesgarri bat, nork erosi izan dituen 14.000 puntueus horiek, eta gehienak enpresak direla. Susmo hedatua egon daiteke erakunde edo administrazioen esparru bat dela .eus, eta ez, %9 dira bakarrik domeinu guztien artean, grafikoak erakusten duen bezala.

Datu hauek guztiak errepasatzeko, ikus PuntuEus Fundazioaren Behatokia.

Erantzun

Sartu