Teknologia albisteak

Uroak eta abelgorri etxekotuak Euskal Herrian elkarrekin gurutzatzen zirenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-22 : 08:19

Artikulu zientifikoa publikatu berri da abelgorrien eta uroen arteko harreman historikoaz. Euskal Herriko eta gertuko neolitoko eta kristo aurreko hainbat abelgorriren aztarna genetikoak aztertuta, "Iberiako abelgorrien" historia berregin dute zientzalariek, eta egungo abelgorrien artean dagoen uroen aztarnak aztertzeko ere balio izan du.

Uroa, abelgorri edo zezen basatia (Bos primigenius), Eurasiako gaur egungo abelgorri edo ganadu aldaeren aurreko animalia da. Abelgorriak etxekotu ondoren ere jarraitu zuten egoten uroak naturan, Europan azken alea 17. mendean hil zen Polonian, baina Mendebaldeko Europatik eta Euskal Herritik zenbait mende lehenago desagertu ziren. Goiko irudian, Wikipediako irudi bat uroa, gizakia eta abelgorri etxekotua konparatzen dituena.

Orain agertu den azterketak Iberiako abelburuak aipatzen ditu izenburuan, baina Euskal Herritik oso gertukoak dira aztarna gehienak (El Portalongoak, Burgoskoak), eta Euskal Herriko bi aztarnategitakoak ere badaude: Mendandiako aztarnategikoak (Trebiñu, Araba) eta Artusiakoak (Orbaibar, Nafarroa Garaia) Kasu hauetan, etxekotutako abereez ari gara, eta aztarna hauek erkatu dituzte Europako uro basatien beste aztarna genetiko batzuekin. Ikus artikuluko mapa:

Kristo aurreko zortzi mila urteko eboluzio bat ikusi ahal izan dute, erromatartze garaiko aztarnategietara arte; eta ondorio bitxi bat atera: garai horretan guztian, uro basatiak abelburu etxekotuekin nahastu izan ziren, ekarpen genetiko txiki baina jarraitu bat egon zen Bos primigenius edo uro haien aldetik ganadura. Gainera, ekarpen hori arrengandik zetorrela ikusi dute; hau da, uro zezen basatiak behi etxekotuekin gurutzatu ohi zirela tarteka, eta behien kumeak etxekotutako ganaduarekin geratu ohi zirela.

Antzinako ganadu horren aztarnak gaur egungo Europako abelburuekin ere konparatu dituzte. Gaurko abelburuen artean ere, Europako arrazetan, bada uro zaharren portzentaia genetiko bat, baina txikia da oro har. Bereziki, Iberiako zezenketako ganadua ere aztertu dute, eta hauen artean ere ez da portzentaia handiagorik: hortaz, zezenketako zezenetan ez dago uro aztarna gehiago behi frisoietan baino, adibide bat jartzeagatik.

Hona grafko bat erakusten duena aztertutako ganadu zaharrean uroek ekarri zuten parte genetikoa (goian), eta behean Europako arrazetan gaur egunean aurki daitekeen uroen ekarpena (behean).

 Gehiago jakiteko, 

Erantzun

Sartu