Jon Etxabe Garitazelaia ekintzaile, euskaltzale eta blogari eibartarra 90 urterekin hil da gaur. Euskalgintzako eta herrigintzako militante ezaguna izan zen, ez bakarrik Eibarren, Euskal Herri osoan ere bai. Abade zela, Burgosko prozesuan kondenatu egin zuten 50 urteko kartzelaldira.
Elgoibarko Altzola auzoan jaioa, baina gazte apaiztu zelarik, Eibarko Azitaingo elizako abade izan zen, eta harrezkero bere bizitza Eibarrera lotuta egon zen. Elgoibarren eta Etxarri Aranatzen ere bizi izan zen, baina azken urteak berriro Eibarren bizi izan zituen, bere emazte Maria Luisa Ruiz Aranarekin.
1960ko hamarkadan, abade zela bitartean, ETAko kide batzuei laguntzen hasi, eta erakundean sartu zen Txabi Etxebarrieta hil eta gutxira, 1968an. Hurrengo urtean atxilotu zuten, eta 1970rsn Burgosko prozesuan epaitu zuten, bertan 50 urteko espetxealdia ezarri ziotelarik.
Zazpi urtez egon zen preso Zamorako apaizen kartzelan. Eibarko beste errepresaliatu batzuekin askatu zutenean 1977an, etorrera omenaldia jaso zuen herrian (argazkia ordukoa da, 1977ko apirilekoa, eta bertan daude, antolakuntzako aurkezle Mikel Usobiaga ezkerrean, eta haren ondotik ezkerretik preso askatuak: Josu Ibargutxi, Enrike Gesalaga, Jon Etxabe bandera gorriarekin, Patxi Jaka eta Andoni Arrizabalaga).
Kartzelaldiko esperientziak kontatu zituen Jon Etxabek Zamorako Landan liburuan (2014, Intxorta 1937 elkartearen argitaraldia), eta hango zenbait abaderen esperientzia kontatzen duen Apaiz Kartzela film dokumentalean (2019) ere agertu zen.
1977an irten zen espetxetik, eta apaizgoa utzita, zenbait jarduetara dedikatu zen: LKIn eta presoen aldeko taldeetako militantzia, pedagogia eta irakaskuntzan...
2016an bloga ireki zuen Eibar.org komunitatean, Mispillibar. Bere bidaiak, bizipenak eta irakurketak deskribatu izan ditu bertan, azken unera arte. Uztailaren 25ekoa
Erantzun
Sartu