Elhuyarrek jakinarazio duenez ttsneuronala.elhuyar.eus bere webgunean testua ahots bihurtzeko aukera 6 hizkuntzatan garatu dute orain. Ahots automatikoak erabiltzeko aukera hizkuntza hauetara zabaldu da hain zuzen: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Beste aukera gehigarri bat: Testu-kutxa txertatu da edozein eduki ahots bihurtzeko: testua kutxan idatzi, hizkuntza hautatu eta edukia entzun.
Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak (TTS) sortu eta sei hilabetetara, bi berrikuntza esanguratsu aurkeztu ditu. Bata, testua ahots bihurtzeko aukera 6 hizkuntzatan; bestea, testu-kutxa erabilita edozein eduki entzun ahal izatea.
Aurrerantzean, beraz, Elhuyarren hizketa-sintesiko sistema 6 hizkuntzatan erabili ahal izango da: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Horrela, erabiltzaileek dokumentuak zein testu solteak ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dute.
Testua entzuteko aukera eskaintzen duen kutxa da beste funtzionalitate berria, edozein eduki nahi den ahotsarekin entzun ahal izateko kutxa. Behin ttsneuronala.elhuyar.eus webgunean sartuz gero, TTSa probatu botoia sakatu, eta han agertuko da kutxa. Oso erraza da erabiltzen: testua idatzi, hizkuntza eta ahotsa aukeratu, eta berehala jasoko dugu testuaren audioa. Dokumentu bat plataformara zuzenean igota ere izango dugu aukera ahots bihurtuta jasotzeko.
TTS ahotsek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira; hau da, ahotsen grabaketa espezifikoetatik abiatuta sortutako sistemak dira, eta adimen artifizialeko teknikak baliatuz sortzen dira sistema horiek. Elhuyarrek, gainera, bere TTS ahots propioak erabiltzaileen esku jartzeaz aparte, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du.
Integrazioari dagokionez, Elhuyarren TTS ahotsak edozein aplikaziotan txertatzeko prestatuta daude, bezeroentzat eskuragarri jarritako REST APIaren bidez.
Orairen eskutik garatu da teknologia
Testutik ahotserako bihurketa egiteko teknologia hauek Orai adimen artifizialeko zentroan sortutakoak dira, eta ahotsaren sintesiaren ikerketan egindako lanen aurrerapenaren erakusgarri da zerbitzu hau. Horrez gain, ikerketa-ildo hauek ere lantzen ditu: genero-markarik gabeko hizketaren sintesia, emoziodun hizketaren sintesia eta lagin txikiak erabiliz ahotsak imitatzeko sistemak, besteak beste. NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen zentroa da Orai, eta goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei.
Erantzun
Sartu