Lander Majuelo editoreak publiko egin duen gutun baten bidez iragarri du gaur Igela argitaletxeak bere jarduna eten duela, arazo ekonomikoek itota. Igela 1988an sortu zuten Iruñean Xabier Olarrak, Joseba Urteagak eta Jose Manuel Gonzalezek. Besteak beste, EIZIEk bultzatutako literatura unibertsaleko bildumako lanak argitaratzen egin dute lan, esate baterako Literaturako Nobel saridunen euskarazko itzulpenak editatzen. Eguneraketa, 15.30: Erein argitaletxeak, Igela markaren jabeak, beste bertsio bat eman du gertatuaz, Majuelo editorearen lana eta kontratua bukatu dela, ez Igelaren jarduna. Izenburu orijinala hau zuen albiste honek: "Igela argitaletxearen itxiera, 35 urteko lanaren ondoren". Eta eraldatu dugu: "Igela argitaletxearen itxiera posibleaz eztabaida".
Lagunok, bukatu da. Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute.
Abendura bitartean bidean ziren bost liburuak argitaratzeko konpromisoa onartu dute, itzultzaileek hala nahi izanez gero. Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernauxen liburuak dira.
Argitaletxe bat lagunez da osatzen. Esker mila, beraz, urteotan punpeziaz lagundu gaituzuen guztioi. Itzultzaileei, ilustratzaileei, gibelsolasen idazleei, maketatzaile eta diseinatzaileei, zuzentzaileei, Itxaropena inprentako lagunei, liburu-saltzaile eta liburuzainei, beste argitaletxeetako kideei, musutruk alboan izan zaretenei eta bereziki zuei, irakurleei, zuek baitituzue gure liburuak sufritu eta gozatu. Irakurleak egiten baitu, egiaz, liburua.
34 urtez izan da Igela euskal literaturaren eta euskal itzulpengintzaren etxe ttipi bat. Etxe ttipi berriak eraiki beharko dira, beraz. Biba literatura!
Lander Majuelo Itoiz - Igelako editorea
Ohar honen ondoren, eta Berriak argitaratu duen albiste baten testua ikusirik, Erein argitaletxeak beste agiri bat plazaratu du, gertatuaren beste bertsio batekin:
Harridura osoz irakurri dugu gaurko Berria digitalean Uxue Rey Gorraiz kazetariak sinatuta izenburu hau: «<lgela argitaletxea gelditzea erabaki dute haren jabe diren enpresariek». Berri hori eta ondoren ageri diren afirmazio batzuk ikusita, behartuta sentitzen gara kontu batzuk argitzera. Igelaren «jabe diren enpresariak» enpresa bakarra da eta bere izena da Erein argitaletxea, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita.
Orain dela hiru urte Erein argitaletxeak pentsatu zuen langile bat hartzea Iruñean -gizarte hartan sortua eta garatua baitzen Igela argitaletxea ordura arte- eta hari autonomia guztia ematea. Langile hari soldata bat esleitu zitzaion eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak. Langile hori Lander Majuelo zen, eta uneoro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa. Hiru urte pasatu direnean, eta besteak beste, aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Erein argitaletxeak.
Erein argitaletxeak ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den. Erein argitaletxeak hitzartuta dauden liburu horiek argitaratzeko asmoa du, eta gero erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak. Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala.
Bitartean, sarean, hor da https://www.igela.eus/
Erantzun
Sartu