Ana Morales itzultzaileak asiarren kontrako arrazismoaren kasu negargarri bat kontatu du Twitterren aste honetan. Hiru lagun, europar euskaldun bat eta bi asiar, ingelesez elkarren artean Plentziako hondartzan eta entzun behar izan zituztenak...
(Ana Moralesen hitzetan utziko dugu)
Eguerdi on, Txiolandia: gauza negargarri bat kontatzera nator, atzo Plentziako hondartzan gertatutako eraso arrazista bat. Nire semeari, haren neska lagunari eta haien adiskideari, zehazki. Azken biak asiarrak dira. Hirurak zihoazen afaltzerako bidean, ingelesez hizketan, eta mutil gazte batzuen aurretik pasatzean, halako batean "nijao" oihu esajeratuak egiten hasi ziren, eta ustezko txineraren imitaziozko hitzak oihukatzen barreka.
Semearen neska lagunak, Yvonnek, azalduko du ingelesez.
Euskarazko itzulpena neurea da:
"Nihao" hitza arma bihurtu da, eta beldurgarria da nola entzuten den belaunaldi gazteen ahotik. Harrigarria da, halaber, nola uste duten hori ez dela arrazakeria eta ez dutela zertan barkamenik eskatu.
Egun normal bat zen: mutil laguna, nire lagunik onena eta ni Plentziako hondartzara joan ginen, bainutxo bat hartzeko eta naturaz gozatzeko asmoz. Ingelesez ari ginen uneoro.
Hondartzatik ateratzen ari ginela, mutil nerabe batzuen ondotik pasatu ginen. Futbolean zebiltzan eta oso ozen hitz egiten. Hasieran "Nin Nian, Chiang..." bezalako soinuak entzun nituen. Senak erne egoteko esan zidan. Orduan "nihao!" oihukatzen hasi ziren behin eta berriz, elkarrekin barre eginez. Argi zegoen nire lagunari eta bioi iseka egiten zebiltzala gure itxuragatik. Gelditu ginen eta aurre egin genien. Ez nien guztiz ulertzen, baina argi zegoen ez zirela adiskidetsuak, eta ez zuten barkamenik eskatu beren portaera arrazistagatik, argi eta garbi ikusten dena hartu nuen bideoan.
Nire iritziz argi dago "nibao" oihukatu zutela guri eraso egiteko, zirikatzeko eta jazartzeko. Asiako pertsona bakarrak ginen, eta gu haien ondotik pasatzean hasi ziren oihuka. Lehenik eta behin, ez ezazu pentsa Asiako pertsona guztiek txineraz edo mandarineraz dakitela. Hemengoak izan gaitezke, britainiarrak, estatubatuarrak edo edozein tokitakoak. Ni neu Hong Kongekoa naiz, eta kantoneraz egiten dut, ez mandarineraz. Bigarrenik, nik ezin dut zure adierazpen askatasuna mugatu, baina "txinerako" soinuak egitea eta mandarinera hitzak ausaz eta garrasika botatzea Asiako pertsona bat ikustean ARRAZAKERIA DA: niri erasoka eta jazarka ari zara beste barik nire itxuragatik edo nire ustezko jatorriagatik. Ez da agurtu nahi nauzula edo kulturalki irekia izan nahi duzula. Zure asmoa da ni eroso sentiaraztea eta nire | kontura ondo pasatzea, eta zure zirikaden jomuga bihurtu nauzu nire itxura hutsagatik.
Gure inguruan jende asko zegoen iraina entzun zuena eta isilik geratzea erabaki zuena. Hori ezin liteke onartu. Jokabide arrazistak zigortu egin behar dira.
Argi dago bideoko mutilak gazteak zirela, baina behar bezain nagusiak jokaera hori arrazista zela eta barkamena eskatu behar zutela jakiteko. Nekatuta nago arrazakeria pairatu behar izateaz herrialde zuri batera joaten naizen bakoitzean. Askoz ohikoagoa da jendeak uste baino. Inork ez luke onartu behar, eta ni neu ez naiz geratuko ezer egin barik".
Orain berriro naiz ni, hauek nire gogoetak dira:
Atsekabe itzela hartu zuten, hondatu egin zitzaien hondartza eguna. Eta tristeena da neska biek gero esan zidatela zoritxarrez ohituta daudela, ibili diren herrialde zuri guzti-guztietan gertatu zaiela hori, eta hain dela ohikoa non mutil gazteen talde baten aurretik pasatu behar diren bakoitzean, barrutik larritzen hasten diren, etor daitekeena aurreikusiz, eta zelan erantzun lezaketen ezin asmatuz.
Zein latza izan behar den behin eta berriro umiliazio hori, haren aurreko ezintasuna, eta batzuetan are beldurra ere!
Batzuetan arrazakeria aipatu eta jendeak eraso gordin eta bortitzez bakarrik pentsatzen du, baina ez portaera sotilki krudel horietaz: gustu txarreko "txantxa" lerdoak ezezagunei, keinuen bidezko mespretxua (adibidez, norberaren begien ertzetatik tiratzea jende asiarraren aurrean: bai, bai, egin egiten da hori,nik neuk ikusi duti!), edo jendea objektifikatzea beraien gainean berba eginez, aurrean ez baleude bezala (behinola, bat telefonoz dagoela, denda batean, dendariaren muturretan: "le voy a preguntar al chino), eta beste hainbat xehetasun gaizto, mingarri eta umiliagarri. Eta okerrena da etengabe, etengabe, etengabe gertatzen zaiela.
Nik negargura eta nahigabe itzela sentitu badut, ze infernu izan behar ote da hau nire pribilegioak ez dituztenentzat, nola higatu behar zaitu horrek barrutik?. Mesedez, ez ditzagun onartu halako jokabideak, borroka dezagun pozoi honen kontra, ikusaraz eta sala dezagun ozenki arrazakeria eta bazterkeria bere molde guzietan!
Pribilegiodunon egin beharra da: hezi dezagun geure burua eta gure ingurukoak
Yvonnek hartutako bideoak, hemen.
(irudia SOS Racisme elkartearen lelo eta irudia, Non touche pas mon pote, manifestazio batean)
Erantzun
Sartu