Elhuyarrek informazio puska interesgarri baten berri eman du hemen, abuztuaren 12ko eguzki eklipse totalari begira. Udako egun haren "egun ispilua" aste honetan dugu, apirilaren 30ean, ostegunarekin. Hau da, apirilaren 30en eguzkia abuztuaren 12an sartuko den leku eta ordu berean ezkutatuko da iluntzean, eklipsearen orduan, 20.30ak inguruan. Hau da, aukera duzu puntu jakin batean kokatzeko, ikusteko abuztuan posizio horretan ondo tokatuko ote zaizun eklipsea. Eguraldia lagun, noski.
Lehenengo eta behin, errepasatu dezagun eklipse totala nondik ikusiko den Euskal Herrian, mapa honetan, Oion inguruan markatuta, Araba hegoaldean:

Euskal Herrian hego-ekialdeko ibilbidea egingo du iluntasunak abuztuaren 12an, eta hortaz mapa horretako inguru gorrixketara mugitu beharko zinateke ostegun iluntzean efektua ikusteko. Toki zehatz baten iraupena eta ordua jakiteko (abuztuaren 12rako), hemen duzu tresna praktiko bat klik egiteko eta jakiteko. Orain, ze eguraldi aurrikuspen dago etzirako? gaur gaurkoz (asteartea), Euskalmet-en arabera, hau:

Hortxe, bada. Zeru argiaren eta lainoen artean eklipsearen parte hegoaldetar horietan... Elhuyarrek oroitarazten digu konprobazio hau egitera joatekotan, ez zaiola zuzenean begiratu behar Eguzkiari, begiak babesteko iragazki homologaturik gabe.
Apirilaren 30eko hau gertatzen da Lurraren orbitaren simetrigatik. Apirilaren 30ean eta abuztuaren 12an Eguzkiak arku bera egiten du zeruan. Data horiek puntu simetrikoak dira udako solstizioarekiko, esaten digu Elhuyarrek, zeinak bere webgunean atala ireki duen eklipseari buruzko albisteekin. Bihar asteazkena (29) eta etzidamu ostiralez (maiatzak 1), egoera oso antzekoa izango da halaber, konprobazioa egin nahi duenarentzat.
Bestalde konprobazio hau egin daiteke beste edozein momentutan, Stellarium Mobile aplikazioarekin. Artikulu honetan azaldu genuen nola Stellarium erabili daitekeen, astroen posizioa ikuskatzeko etorkizuneko une jakin batean. Hau da, errealitate hedatuko kapa bat agertzen da mugikorreko pantailan esango dizuna nola ikusiko den eklipsea egun hartan. Hori bai, posizio geografiko zehatz batean egon behar duzu, han nola izango den zehazteko. Berdin dio noiz (abuztua baino lehenago bada), baina funtsezkoa da non, Stellariumen funtzio horretarako.
Erantzun
Sartu