Teknologia albisteak

Justizia linguistikoa Udaltop jardunaldiaren erdigunean

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 11:04

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa, maiatzaren 21ean eta 22an egingo da Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Justizia linguistikoa izango da aurtengo edizioan hizpide, eta, bi egunetan, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egiteaz gaiz, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarriez hitz egingo da.

Justizia linguistikoa: diskurtsoak, praktikak eta oinarriak berdintasuna helburu izenburupean, justizia linguistikoa izango da aurtengo jardunaldian ardatz. Bi egunetan zehar, justizia linguistikoa ikuspegi filosofiko eta politikotik lantzeko ahalegina egingo da, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azalduko dira; oinarri horiek hizkuntza-politiken marko teoriko eta praktikoetara nola ekarri; araubideetan nola islatu…

Hitzaldi sorta zabaltzeko, Vicenta Tasa Fuster (Oliva, 1974) gonbidatu dugu, berea izango da XVIII. edizioa zabaltzeko ardura. Valentziarra Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da Valentziako Unibertsitatean eta bere hitzartzean, justizia linguistikoaren ikuspegi filosofiko eta politikoa eskainiko du eta egoera minorizatuan dauden hizkuntzak indarberritzeko oinarri etiko eta politikoak azaltzen ahaleginduko da.

Gainerako gonbidatuen artean, besteak beste, Xabier Arzoz Santesteban, UNEDeko Zuzenbide Administratiboko katedraduna; Iñigo Urrutia Libarona, EHUko Justizia Soziolinguistikoaren Katedrako zuzendaria; edota, berdintasun soziolinguistikorako Equiling izeneko ekintza-ikerketan aritu den Soziolinguistika Klusterreko Miren Otxotorena Aranguren.

Egitarauak badu berrikuntza nagusi bat. Izan ere, aurten ez da ohiko talde-lanik egingo. Bere ordez, Gure plaza, lekukotasunak eta eztabaidak izeneko dinamika egingo da bigarren egunean, ostiralean. Justizia linguistikoarekin lotura duten lau errealitate azalduko dira, euskararen lurralde guztiak ordezkatuz (Nafarroa, Iparraldea, Araba eta Bizkaia-Gipuzkoa). Eta jarraian, eztabaida-plaza sustatuko da. Bertan, dinamika ezberdinak baliatuz, parte-hartzaileek beren iritziak plazaratzeko aukera izango dute.

Izen-ematea, zabalik

Maiatzaren 21ean eta 22an egingo den topaketarako izen-ematea zabalik da, maiatzaren 13ra arte. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da; bi aukera izango dira jardunaldia jarraitzeko, aurrez aurre edo online. Prezioa, berriz, aukeratutako formatuaren araberakoa izango da: aurrez aurre, 70 €, eta, online, 30 €. Lehenengo aukerak osteguneko bazkaria, bi egunetako hamaiketakoa eta Udaltopen materiala barneratzen ditu. Online aukeratzen dutenek jardunaldia jarraitzeko lotura jasoko dute jardunaldia hasi baino aste bete lehenago.

Antolatzaile lanetan euskararen lurralde guztietako erakundeak ariko dira: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. Laguntzaile gisa, berriz, EUDEL, UEMA eta Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística (CPLN) erakundea bidelagun izango dira.

 

 

 

Erantzun

Sartu