Adobe etxearen fitxategi espezifikazio bat da PDF bat. Formatuaren 7. bertsioa definitu zenean, 2012. urtean, formatuak eduki zezakeen tamaina gehienezkoa ere definitu zen: 381 km x 381 km dituen karratu bat. Zazpi bide Euskal Herriaren azalera.
Irudia eta informazioa Wikipediako orri honetatik atera dugu. Alemanian doi-doi kabituko litzatekeen karratu horrek 145.161 kilometro karratu lituzke, non eta Euskal Herriaren azalera 20.950 km karratukoa den.
Pixeletan neurtutako irudietan ez bezala, PDFetan azalera fisikoak badu garrantzia ze irudi digitala (dela testu maketatua edo beste era bateko fitxategi digital bat) paperera inprimategi bidez pasatzeko dago pentsatua.
Web bidez, are gutxiago telefonoaren bidez, informazioa zehatz pasatzeko beste formatu batzuk hobeak dira. HTML, funtsean. Baina Euskal Herrian bereziki zabaldua dago edozein informazio praktiko PDF batekin eman eta horrekin konpondutzat emateko.
Adibide mitikoa, Euskotrenen ordutegiak. Bilatzaile bat badago... baina halamoduz dabil eta 21. mende hasieratik PDF super-erraldoi batzuen bidez ematen dute informazioa.
Irudi honetan Donostia eta Bilbo lotzen dituen orditegiaren PDFaren zati bat.
Beste moduren bat egon beharko litzateke... Bereziki gogorra da informazio modu hau mugikorrean kontsultatzea. Batetik, PDFa jaisten zaizu eta gordetzen da memoriaren auskalo ze bazterretan, gero hura ireki eta zoom-ez-zoom gauzak aurkitzea oso zaila da.
Kasu batzuetan apropos bilatzen da zailtasun hori. Jaime Gomez-Obregon hacker espainiarrak berriki salatua, Espainiako ogasunarekin zorrik handiena duten enpresa eta pertsonen zerrenda (600.000 eurotik gorako zorrak). Zordunen zerrenda PDF erraldoi bat da, orrialde eskanatuak itsatsita sortutakoa, eta kopiarik ez egiteko trabekin hornitua.
Hobera egin duen administraziorik ere bada. Duela hilabete batzuk, Donostiako ordaindutako aparkaleku zonaldeen informazioa, TAO zerbitzuarena, PDF formatuan bakarrik zegoen. PDF horiek hor daude, TAOren informazio puntuan, eta praktikoak dira une jakin batean inprimatu nahi baduzu. Baina ordenagailuz ikuskatu eta kontsultatzeko orain dagoen mapa askoz praktikoagoa da. Klikatu, mugitu, bilatu helbideak... eta zonalde bakoitzaren ezaugarri eta ordutegiak bertan:
Gogoratu, PDFak bai, baina segun zertarako.
Erantzun
Sartu