Teknologia albisteak

EAEko hezkuntza legeari ekarpenak (Kontseilua eta Hezkuntzan Librezale)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-06-16 : 16:09

EAErako Hezkuntza Lege berriaren proposamena gai eztabaidatua ari da izaten alderdi politikoen artean. Gizarte erakundeetatik ere badago esana, eta Legebiltzarreko agerraldietan, joan den astean eta honakoan, bi erakundek egindako proposamenak dakarzkigu hona. Euskalgintzaren Kontseiluaren ekarpenak eta Hezkuntzan Librezalerenak.

Kontseilua

Kontseiluak 33 zuzenketa edo emendakin proposatu dizkio legeari, eta horietarik bederatzi nabarmendu dituzte Twitterren laburtu duten hari honetan.

Horietarik hiru ekarri ditugu hona:

  • Euskara ardatz. Euskararen inguruan artikulatuta egoteak dakar berezko hizkuntza hezkuntza sisteman ikas- eta irakats-hizkuntza normalizatua izatea, bai eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izatea ere.
  • Legeak euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen euskal curriculuma jaso behar du. Horretarako, irakasleak curriculumaren ulerkera honetaz jabetzeko eta berau garatzeko prestatuko dira, eta ikasmaterialak eta baliabideak sortu eta arautuko dira.
  • Ikastetxeetan euskararen erabilera lehenetsiko da barne eta kanpo jarduera-harremanetan eta profesionalen artean, eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan. Euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartuko da eta ikasleen erabilera aktiboa sustatu ere.

Bederatzi puntu nabarmenduak hemen. Eta azalpen gehigarria, 33 zuzenketen dokumentuarekin, prentsa ohar honetan.

Hezkuntza Librezale

Hezkuntza Librezale taldea astelehenean izan zen Legebiltzarrean. Ohar honetan jaso dute agerraldian esan zutena. Taldeak legearen garapenean 2021etik izan duen interesa eta ekarpen jarioa kontatzen dute bertan. Bereziki nabarmentzen dute nola 2022ko apirilaren 7an onartu zen Eusko Legebiltzarrak, %90eko aldeko iritziekin, "Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentziaren txostena" eta nola orain tramitean den proposamenak atzera egin duen puntu batzuetan, akordio zabal hartan jasotakoarekin alderatuta.

Adibidez, 2002ko akordio horrek zioen:

"Euskal Hezkuntza Sistemak digitalizazio etiko, arduratsu, euskaldun eta eraginkorra bermatuko du. Hau guztiau, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz egingo da"

Libre hitza, adibidez, jausi egin da gero lege proiekturako bidean, eta lengoaia lausoagoa dago orain, hala nola: hala-nola: “baliabide teknologiko horien erabilera arduratsu eta egokian”, “arreta berezia jarriz ikastetxean baliabide teknologikoak ezartzean”, “intimitatearen eta datu pertsonalen babesa bermatu”…

Horren ordez, Librezalek proposatzen du lengoaia argiago bat, termino hauetan:

"Digitalizazio etiko eta arduratsua. Pertsonen aukera berdintasuna, pribatutasunerako eskubidea eta ahalduntze digitala bermatuz, zeina, ezinbestean, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik lor daitekeen, eta tresna digitalen integrazio pedagogikorako marko batean oinarrituta egin behar den."

Librezaleren agerpena eta posizioa osoago, hemen.

Erantzun

Sartu