Teknologia albisteak

ETBn nazioarteko filmak euskaraz emateko erreibindikazio elkarretaratzea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-19 : 09:21

(H)itzartu EITB ekimenak elkarretaratzea antolatu du biharko (maiatzak 20, larunbata), 12etan, Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, ETB1en nazioarteko zine programazio bat euskaraz ikusi ahal izatearen alde. “Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz!” leloarekin deitu dute bilkurara, eta zenbait atxikimendu jaso dituzte, besteak beste talde hauenak: AEK, Bieuse bikoiztaileen elkartea, Euskal Encodings, Zer Non Ikusi webgunea, Steilas sindikatua eta Bilboko Kafe Antzokia. Beste inork babestu nahi balu, dei egin dute txio baten bidez aipatzeko bat-egitea deialdiarekin.

Salaketa batekin eta eskaera nagusi batekin deitu du deialdia talde honek.

Salaketa da ez dela "onargarria audientziak hobetzeko, euskara eta euskarazko bikoizketa baztertzea. Salagarria deritzogu euskararen zabaltzea eta sustatzea egiteko nagusia duen euskal telebistako arduradunek audientziak argudio gisa erabiltzea, euskarazko bikoizketa baztertzeko eta desegiteko."

Eta eskaera hau egingo zaio elkarretaratzearekin EITBri: "Bere euskarri eta lehio guztietarako, euskarazko ikus-entzunezko edukien eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekiteko, jakitun baikara ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia duela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko."

Euskaraz bikoiztutako (edo berez euskaraz den...) filmak apenas ematen dituen ETBk. Iaz maiatzetik irailera egindako kontaketa batean, ETB2k 130 film eman zituela zenbatu zen, eta batere ez ETB1en.

Aurten, biharko deitutako elkarretaratzera begira, datu gehiago eskaini ditu Hitzartu taldeak:

2021etik ETBk 504 film erosi ditu: 458 gaztelaniaz, 28 gaztelaniaz eta euskaraz, eta beste 20 gaztelaniara bikoiztu ditu. Bakar bat ere ez euskaraz. Serieen kasuan, 48 erosi dira; horietatik 17 euskarara bikoiztu dira, 11 gaztelaniara eta 20k gaztelaniako banda zuten.

Horrez gain, azken sei urteetan bikoiztaileei soldata ia %40 jaitsi diete. Soldataren beherakadari lan bolumena gehitzen zaio. 2022an ETBrako 100 ordu zeuden esleituta euskaraz bikoizteko. Duela 10 urte 400 ziren, eta ordurako beherakada oso nabarmena zen jada: 1991n 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu, eta 2013an; 132 ordu.

(H)Itzartu EITB 2021eko abenduan sortu zen euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko mugimenduaren baitatik, gainerako euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimenekin eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean aritzeko bokazioz.

Erantzun

Sartu