Teknologia albisteak

Zenbat etxe dauzkazu?

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2023-06-29 : 10:23

Testu hau Ttap aldizkariaren aurreko asteburuko alean audio gisa agertu zen, Luistxo Fernandez Sustatuko editoreak grabatuta. Hona ekarri dugu orain, berak aipalatutako testuarekin (ukituren bat gehituta), eta esteka eta bideoren batez aberastuta. Galdera deseroso bat planteatzearen inguruko testu bat da: Zenbat etxe dauzkazu?

Hemen audioa, Ttap-erako ekoitzia:

 

Eta hona artikulu eran:

Pentsalari eta kazetari espainol interesgarri bati (Jorge Dioni du izena, hau du bere azken liburua) entzun diot (bideo elkarrizketa honetan) nola aldatu diren gauzak langile klasearen aspirazioetan. Nola, mende eta erdi batean gutxienez, industrializazio kapitalistatik, langilearen helburu bital handi bat izan den, semealabentzat hobekuntza lortzea, eta hori hezkuntza aspirazioan gauzatzen zela batik bat. Ikas dezatela haurrek, norberak baino lan eta bizitza aukera hobeak izan ditzaten.

(ikus 29:30 unetik)

Era berean, langileak bere laneko baldintzak ere hobetu nahi izan ditu, jakina; norberak irabazitako lan-eskubideak hurrengo denboraldirako gera zitezkeelako esperantzarekin, progresioan eta progresoan sinisturik.

Gaur egunean, ordea, gurasoaren aspirazio nagusia da etxe-jabetzak uztea umeei, ahal izanez gero. Haien etorkizunerako heziketa on batek edo industria txukun batean lanpostua izateak baino, segurtasun handiagoa emango diela metro karratuen jabetzak.

Hezkuntza orokorraren balioa hainbeste erlaribizitatu da non gauza jakina eta datuekin demostratua den hezkuntza pribatu garestiak prestaketa txarragoak eman arren, nota hobeak ematen dizkiela ikasleei, horixe delarik bere programaren promesa nagusietako bat: nota onak, matrikula garestiaren truke. Eta lan merkatuko aukerak ere, gero eta gehiago dira ondorio norberaren konexioenak, langile gazte batek izan dezakeen gaitasun eta prestakuntza objetiboarena baino.

Eta halaxe gaude...Rentismoa bihurtu dugu aspirazio, eta progresoa, aldiz, progre hitzaren demonizazioarekin, arbuiatu.

Tristea da hau, baina egia da.

Kontestu honetan, galdera deseroso batekin nahi baduzu inor urduri jarri, horra proposamena, galdera bikoitz pozoitsu-pozoitsua. “Zenbat etxe dauzkazu orain? Edo/eta herentzian jasotzeko esperoan besterik akaso”?.

Zein alderdi politiko den zeurea galdetzea baino definitzaileagoa pertsona baten klase sozial benetakoa asmatzeko. Hetero ala homo zaren galdetzea baino gordinagoa, armairu barruak astindu eta aireztatzeko. Galdera kabroi bat.

Berriro galdetuko dut: “Zenbat etxe dauzkazu orain? Edo/eta herentzian jasotzeko esperoan besterik akaso”?.

****

Dioniren bideo-elkarrizketa horretan bada beste puntu interesgarri bat, ea ondo asmatu dudan tartearen 1:02:00 unetik aurrera: hiriak, turismoa eta hizkuntzen desoreka, katalanari eta Bartzelonari zuzenduak, baina kontuan hartzekoak. Ikus https://youtu.be/KL7XFMQXrR4?t=3720 

Irudia: Monopoly jokoa, Wikimedia Commons.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Sustatu Multimedia

Sustaturen Multimedia edukiak osatzen dituzte, denboraldi honetan nagusiki, Segura Irratitik audioz eta gure Twitch kanaletik ikus-entzuneko zuzenean egiten ditugun emanaldiek: ohikoan, ostegunetan goizeko 10.40etan izaten da, 20 minutuko saioa. Horrez gain, Youtubeko gure kanalean ere kargatzen ditugu beste audio eta bideo eduki batzuk tarteka.

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu: