Teknologia albisteak

Erlijioaren erlikiak, eta erlijioa erlikia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-01 : 09:58

Hona dakartzadan hitz hauek Ttap aldizkariaren asteburu honetako alean argitaratu dira, eta gorazarre bat dira elizetan ikus daitezkeen objektu bitxi horien: erlikiak, santuen objektu eta gorputz-zatien ontzi inoiz gurtuak. Objektu bitxi horien aipamenetik, konstatazio batera, Katolizismoa bera erlijiotik erlikia bilakatzera doa Euskal Herrian.

Turista baten erara mugitzen naizenean, beste herri batzuk bisitatzea tokatzen denean, gaztetan baino sarriago nagusia naizelarik orain, elizetan fijatzen naiz. Arkitektura eta artearen aldetik, kanpotik zein barrutik, Europa zaharrean bederen aberastasunak eta edertasunak miresteko toki seguruenak izan ohi dira. Edonora sartu, eta egongo da santuren bat, erretaula bat, edo bazter arkitektoniko bitxi bat, batzuei behintzat interesa eta begiak pausatzeko gogoa eragiten diguna.

Ez pentsa, dena dela, arte aditu baten sentsibilitatearekin ibiltzen naizenik beti. Ni ez naiz Stendhal bezala, inoiz zorabiatu edertasunaren indarrak jota.

Elizetan gorakada espiritualik sentitzen ez duen tipo bat naiz, gainera. Ateoa naiz. Hala ere, hori konpatiblea da, jakina, ingurua, delako tenplua eta bere eduki batzuentzat sakratuak, errespetuz tratatzearekin.

Eta gero, badaukat nire alderdi frikia: gauza batekin bereziki flipatzen dut elizetan. Erlikiekin. Santuen zati eta objektu gordeekin, faltsu ala benetako, sarritan ontzi zoragarriekin bilduak...

Atzerriko bidaietan ezagutu ditudan halakoen artean, ikusi ditut Jesusen azken afariko mantel edo mahai-zapi berdaderoa; ...

Andre Mariaren eztei-eraztuna, Josek eman ziona ezkondu zirenean...

Mariaren cingolo edo gerriko sakratua, italiar hirien arteko gerra bat eragin zuena ia-ia, ...

Oñatiko Korpus jaiaren jatorrian dagoen Bolsenako korporala, istorio bitxia duen zapi zati bat; ...

Joan Paulo II.a aita santuari hil zorian atera zioten odola orain kristal eta urrezko erakustokietan gordea...

Euskal Herrian ere badaude halako bitxikeriak, Martiodako buruak Araban, Erromatarren garaiko kraneo batzuk apaindura barrokoz gordeak; ...

San Faustoren gorputz ustelgabea Bujandako elizan (hau ere Araban), Azkoienen Nafarroan San Blas santuaren bi besoak, bakoitza bere beso formako ontzi urreztatuan, ...

Iruñeko katedralean Jesus gurutziltzatu zuten benetako gurutzearen ezpal bat dago, Bizantzioko enperadore batek opari gisa emana Nafarroako errege bati, egiazkotasun agiri eta guzti.

Erlikia eta erlijio erro beretik datozen hitzak dira. Euskal Herrian, des-katolizazio prozesua izugarria izan da nire bizialdian, 56 urtetan. Duela gutxi irakurri dut Irlandan are azkarrago gertatu dela hori, apenas 30 urtetan, baina han ere, apaizak desagertzen doaz, apenas dagoen inor apeztegietan.

Laster katolizismoa izango da erlikia, erlijio baino gehiago.

Erantzun

Sartu