Asteko kultura albistea izan da, Gidor Bilbao filologo, euskaltzian urgazle eta irakasleak fondo digitaletan bilaketak eginez aurkitu ditu Arnaut Oihenarten poema berriak. Hala azaldu du Euskal Idazleen Elkartearen webgunean Miel Anjel Elustondok egin dion elkarrizketan. "Sarean dira Europa osoko biblioteteketako materialak ere: hortxe dugu Europeana. Denetan ikusi ahal dira liburuetako erreferentziak, eta askotan baita argazki oso onak ere." Bilbaok bere "perbertsiotxoa" azaldu du elkarrizketan: "astia dudanean han eta hemen arakatzen ibiltzea."
Bilbaok halako baliabideak aipatzen ditu ibilera horien adibide:
Baliabideez gain, bilaketaren trukoak agertu ditu Bilbaok: "Euskarazko materialen bila banabil ere, beti, ebidenteak ez diren sailetan ere begiratu behar izaten da: “Euskara” ez besteko sailetan, alegia: “Cantabria”, “Vasconia”, “Gasconia”… " Autore honen kasuan Oihenartus eta Oihenarto formak ere topatu ditu.
Horrela iritsi zen ale jakin bat aurkitzera Grenobleko katalogo batean. Lehenbizi, Oihenarten O'en gastaroa neuthizetan poema-liburuaren ale ezezagun bat han zegoela ikusi zuen, eta, ongi ez katalogatutako besterik ba ote zen begiratuta, Cobla berriae, (Vers basques) aurkitu zuen horrela, "akats eta guzti, alegia, berriac ordez, berriae." Baina Oihenarten koblen kopiak bazirelarik jakinik, bata Baionako udal liburutegian, eta bestea Parisko Liburutegi Nazionalean, liburuen orri kopuruari erreparatu zion Bilbaok, eta hiru aleek kopuru desberdina zutela ikusi zuen. Luzeena non, Grenoblekoan, eta online kontsultatu ezin zitekeenez kopia bidaltzeko eskatu zuen, eta pandemia garaian jaso zuen Grenobletik materiala, poema irakurri gabeak bertan zirela.
Jasotakoaren azterketa zehatza eginez, argitalpena prestatu du hilabeteetan zehar Gidor Bilbaok, eta hemen da, ASJU aldizkariaren webgunean. Izenburuan, ohar argi bat: "Arnaut Oihenarten Kobla berriak. Lan inprimatuen edizioak eta aleak banaka ezagutu eta aztertu beharraz, XVII. mendeko euskarazko poema aurkitu berrien karietara·" Izan ere, Bilbaok uste du bilaketa eta arakatze gehiagorekin lan gehiago ere aurkituko dugula.
Irudia, Grenoblen azaldutako olerki pasarte berrietako batzuk, ASJUko artikulutik ateratakoa da.
Erantzun
Sartu