Teknologia albisteak

Hezkuntza Plazara: Euskal Hezkuntzaren bidean, jauzi egiteko deia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-04-06 : 09:27

Eskola-oporretan gaude, baina unea izan daiteke duela egun batzuk kaleratu zen agiri bat gogora ekartzeko: Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Hezkuntza Legearen inguruan, Hezkuntza Plazara proposamena kaleratu du, legea hobetu eta lantzeko, eta bultzada emateko, herriz herri, Hizkuntza Proiektuei, Herrietako Hezkuntza Proiektuei eta Euskal Curriculumari.

Hona Hezkuntza Plazara ekimenaren dokumentua

Euskal Hezkuntzaren bidean, jauzi egin dezagun

Orain urtebete Hernanin elkartu ginen euskal herritar guztiok euskal hezkuntzarekiko ardura gure eskuetan hartu behar genuela esateko. Hezkuntza ezin dela soilik politikarien edo profesionalen esku egon, eta guztiok norabide berean arraun egiteko deia egin genuen. Esan genuen Euskal Herrian, urteetan, hezkuntza komunitateak hainbat saretatik egindako lana handia izan dela. Eta izaten jarraitzen du: azterketak euskaraz izateko, segregazioekin amaitzeko, D ereduaren aldeko hautua zabaltzeko eta euskalduntze prozesua hobetzeko, euskal curriculuma eguneratzeko, doakotasuna bermatzeko... Azken finean, ikasleak eta hezkuntza eskubideak erdigunean jarriz, ikasle guztien eskubide guztiak bermatzeko, etorkizuneko herritarrak hezteko eta Euskal Herri justu eta kohesionatuagoa izateko egiten den lana handia da.

Orain urtebete esan genuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hezkuntzan irekitzen ari zen abagunearen aurrean arduraz jokatuko genuela. Hezkuntzan denok konpartitzen dugun diagnostikoa kontuan izanik, aukera baliatu behar genuela aurrera urrats bat egiteko. Irekitzen ari zen abagunearen aurrean, aukera baliatu nahi genuela, legerik ahalik eta onena lor zedin hiru herrialdeetako legebiltzarrean.

Oraindik ere hori da gure konpromisoa, eta hori eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Legeari. Izan ere, irailean aurkeztutako lege zirriborroa urruti dago legebiltzarrean lortutako adostasunetik. Ondorioz, legearen sortze prozesua arreta handiz jarraitzen ari gara eta datozen asteetan aurkeztuko duten lege proposamenak beste izaera bat izan behar du, Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritua, gure hezkuntza sisteman beharrezkoa den jauzi hori egingo badugu. Baina jauzi hori egiteko, gure ustez, legea ez da beharrezkoa den tresna bakarra. Egun indarrean dagoen legea dugu adibide, ikastetxeen autonomiaren inguruan garatu gabe geratu den atal osoa kasu. Gure ustez, legeaz gain, legea bera garatu eta agenda berri bat martxan jarriko duen plan pilotu bat beharrezkoa da. Euskalduntzean, euskal kultur transmisioan eta sareen bateratzean urrats esanguratsuak egiteko anbizioz jokatu behar da, eta lehenbailehen baliabide guztiak jarri esperientzia berriak martxan jartzeko Ikastetxeetako Hizkuntza Proiektuei eta Herrietako Hezkuntza Proiektuei dagokienez, baita Euskal Curriculumaren eguneratzean ere.

Ikastetxe bat, Hizkuntza Proiektu bat

"Eskolak bakarrik ezin du", askotan entzun dugu. Neurri batean egia da, baina eskolek egun baino askoz gehiago egin dezakete, horretarako baliabideak jartzen badira. Eta argi esan dezagun: eskola askotan existitzen dira Hizkuntza Proiektuak, legez ikastetxeak horretara behartuak baitira. Baina gehienak inongo baliabiderik gabe, boluntarismo hutsean eta txantiloi edo gida bat jarraituta egin izan dira. Egin ondoren kaxoi batean geratu direnak. Ez gara horretaz hitz egiten ari. Administrazio eta eragileetan hori baino konpromiso eta ardura askoz gehiago behar da. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua hizkuntzekiko plangintza integrala da. Diagnostiko integral batetik abiatuta, hezkuntza formalean eta hezkuntza ez formalean egingo dena jasoko dituena. Hizkuntzak irakasteari, ikasteari eta erabiltzeari lotutako alderdi guztien plangintza. Hizkuntza helburuekin ez da nahikoa, ordea; harago joan beharra dago. Ikuspegi soziolinguistikoa eta ikuspegi historiko, sozial eta kulturala ere behar ditugu. Azken finean, gure egoera diglosikoa kontuan hartuta, euskara ikasteredu orokortua bihurtuko duen proiektu integrala.

Herri bat, Hezkuntza Proiektu bat

Hezkuntza eskubideetan, autonomia eta parte hartzean, inklusioan, konfluentzian, batasunean, kooperazioan eta auzolanean urratsak egiteko, herri bakoitzak bere Hezkuntza Proiektua adostu eta garatu behar du. Udalak, ikastetxeak, eragileak eta herritarrak hezkuntzan parte hartuz Herri Hezitzaileak garatu behar dira. Ezberdinkeri eta lehia logikatik, minimo amankomun eta elkarlanera pasatuz. Ondorioz, ezinbestekoa da hori sustatuko duten espazioak herriz herri osatzea eta, beraz, udalek horretan ezinbesteko protagonismoa hartzea.

Espazio horiek, gainera, publikotasun eredu berri batean oinarrituko den hezkuntza sistema lortzeko bidean lagungarriak izan daitezke. Eskola publikoa ardatz izanik, ikastoletako bulkadari helduz publikotasun berri horretan urratsak emateko, sare publiko deszentralizatu bakarrerako bidea behetik gora eraikitzeko. Gertuko administrazioetatik hezkuntza eraikitzen hasi nahi dugu.

Euskal Curriculumaren eguneratzea

Pasatu dira 15 urte euskal hezkuntza komunitateak "Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma" diseinatu zuenetik. Globalizazioa, migrazioa, krisi klimatikoa, pandemia, feminismoaren olatu berria, digitalizazioa... ordutik hona Euskal Herrian aldaketa ugari gertatu dira eta mundu ikuskera berria ekarri du horrek. Aldaketak hezkuntzan ere nabarmenak izan dira eta Curriculuma bera ulertzeko modua ere aldatu egin da. Ondorioz, orain 15 urte euskal hezkuntza komunitateak egin zuen ariketa berritu eta testuinguru berri honetan euskal kulturaren transmisioa nola bermatzen den adostu beharra dago.

Horiek dira guretzat aurrerantzean urrats berriak egiteko gakoak diren eremuak eta proposamenak. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektu eta Herri Hezkuntza Proiektuen esperientzia pilotuak martxan jarri beharko liratekeela uste dugu. Eta pilotaje horiek hezkuntza sistema osoan eragina izan dezaten eta esperientzia aski ezberdinak izan daitezen kopuru adierazgarri bat izan behar da.

Erronka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Aipatutako jauzia egiteko denbora beharko da, baina gaurdanik hasi beharra dago. Horretarako, borondatea eta baliabideak behar dira. Herri aktibazioa eta hezkuntza komunitate osoaren elkarlana, erakundeak barne. Bakoitzak bere ardura bere gain hartuta. Hori da gure konpromisoa, hurrengo hilabeteetan lantzera goazena. Hezkuntza eremuan zeresana duten eragile eta norbanakoekin biltzera goaz, bide horretan ekarpenak jaso eta egin daitezkeen urratsak zehazteko. Bakoitzak bere esparrutik, nork bere ardurak hartuta, elkarlanean, Euskal Hezkuntzaren bidean jauzi egin dezagun.

Erantzun

Sartu