Teknologia albisteak

PEN klubaren ekimenez, hizkuntzen poesia maratoia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-03-29 : 09:10

PEN Kluba nazioarteko idazle elkarte bat da, eta duela gutxi, Ama Hizkuntzaren Egunaren harira, bideo-sorta interesgarri bat kaleratu zuen: Bideo-maratoi bat hainbat hizkuntzatan. Hizkuntza batzuk ezagunagoak, eta besteak urrutiagokoak, hone maratoiko 70 bideoren bilduma, non hiztun bakoitzak norberaren hizkuntzako olerki labur bat irakurtzen duen. PEN Klubeko euskal kapituluko ordezkari Urtzi Urrutikoetxeari esker jakin dugu albiste honen berri. 

Hara zifra batzuk:

  • 70 hizkuntza, horietako 2/3ek lehen aldiz parte hartu dute bideo-poemen Maratoian.
  • 38 emakume, 32 gizon.
  • Afrikako 22 poema, Asiako 14, Europako 14, Ozeaniako 2, Ameriketako 18.
  • 25 PEN Zentro, horietako bederatzik lehen aldiz parte hartu dute (Sri Lanka, Ekuador, Paraguai, Ginea Bissau, Sierra Leona, Ghana, Aotearoa, Uganda, Paraguai), hizkuntza indigenetako literaturetako lagun onak ere bai, hala nola Ituîka Afrikan edo Aj'tzib Kolektiboa Guatemalan.
  • Honako herrialdeetatik lehen aldiz bidali dituzte poemak: Groenlandia, Paraguai, Sierra Leona, Australia, Aotearoa (Zeelanda Berria), Namibia, AEB, Uganda, Faroe Uharteak, Ghana, Ginea Bissau, Sri Lanka.

Hona PENen oharra, Urrutikoetxeak zabaldua. "Poema guztiak, hizkuntza guztiak eta egile bakoitza garrantzitsuak dira. Baina batzuk nabarmentze aldera, azpimarratu nahi dugu zeinen garrantzitsua den hazara herriaren hizkuntzan jasotako poema, baita Myanmarreko karen herriarenean, Alaskako tlingitez, Australiako wiradjuriz, Groenlandiako kalaalisutez, Iowako (AEB) meskwakiz, edo maorieraz, guaranieraz, kırmancki kurdueraz idatzitako lehen poemak, neskato bat nēhiyawēwin (cree) hizkuntzan errezitatzen entzutearen emozioa, maia hizkuntzen indarra eta Afrikako hizkuntzen garrantzia, hala nola, themné, songhay edo chiyao, batzuk aipatzearren."

(...)

"Bukatu da aurtengo maratoia. Bideoak ikustera, gehien gustatzen zaizkizunak aukeratzera, lankideekin partekatzera eta, zergatik ez, zure hizkuntzara itzultzera gonbidatzen zaitugu. Beharbada, hizkuntza horietako asko ez dira inoiz itzuli euskarara!"

Adibide gisa, Errusiaren mendeko Kaukasoko hizkuntza bat entzun dezagun, Adigera.

Erantzun

Sartu