Teknologia albisteak

Euskarazko Wikipedia 400.000 artikulutara iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-10-19 : 12:22

Bart gauez Euskarazko Wikipediak 400.000 artikuluen langa gainditu zuen. Mugarrirako azken egunetan prestaturiko Justizia klimatikoa artikulua prestatu zen; zenbait wikilarik landu dutena, eta estatistiketan une zehatzean argitaratzeko prestatu zena. Hizkuntza bertsioen artean, 34. wikipedia gara (zerrendari azken eguneraketa falta zaio gaur gaurkoz). Baina ez da bakarrik kantitate kontua, Wikipediaren kalitatea neurtzeko zenbait parametrotan ere goraka ari da euskarazkoa.

Kalitatearen neurketan, Wikipediek izan beharko lituzketen "10.000 artikulu inportanteenen zerrenda" dago, eta hor ez bakarrik neurtzen da artikulua eduki daukagun ala ez, baita ere bere luzera, erreferentzia eta irudi kopurua, osotasuna neurtzeko. Zerrenda horretan, katalaknek ospatu berri dute 10. posiziora iritsi direla, eta euskararena ere ez da txarra: 25. gara une honetan, non eta 30etik behera geunden iaz.

Koadro honek erakusten du Hamar Mila horietan nola joan den gure eboluzioa, artikulu labur, luze eta inexisteen arteko erlazioa... eta marra beltza, nola gure puntuazioa joan den Wikipediako kalitate kalkuluan.

Hamar Milakoa osatzeko, "soilik" 557 artikulu falta zitzaizkigun joan den asteko datuen arabera. Eta horien artean lana osatu nahi izanez gero, hemen falta direnen artean 200 inportanteenak.

400.000. artikuluari dagokionez, justizia klimatikoa apropos aukeratu zen, ez da izan kasualitatea. Kontzeptu inportantea da orain, eta beroketa globalaren eta krisi klimatikoaren garaian, etorkizunean ere hala izango da. 300.000 artikulura hurbildu ginenean ere, 2018ko uztailean, artikulu berezi bat prestatu zen, Euskararen jatorriarena. Horrela jaso genuen Sustatun orduan.

Kalkulu hau ere zabaldu du Wikipediak: "Zenbat okupatzen dute gure 400.000 artikuluek? Lur Entziklopediaren 13 liburuek duten formatu berberean inprimatuta, 274 liburu izango lirateke." Lur Entziklopediaren edukiak, izatez, integratu ziren Wikipedian duela urte batzuk lankidetza ekimen bati esker.

Eta 400.000.a gaindituta, aurrera goaz: estatistika orri honek erakusten du kontaketa zuzenean. 400k orriak dira edukidunak, baina 800k-tik gora dira desbideraketak, eztabaida-orri, erabiltzaile-testak eta abarrak kontuan hartuta. Eta beste datu bat, banakako edizioena: duela gutxi 9 milioi edizio gainditu ziren. 10 milioitara iristean, beste mugarri bat.

Lagundu Wikipedia editatzen eta zenbaki hauek are hobetzen, eta inplikatu zuzenean Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin bat eginez.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago