Teknologia albisteak

Desira-ren estreinaldia, Geruzak proiektuko lehen dokumentala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-10-18 : 11:31

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, Elkar argitaletxeak eta Jakin pentsamendu aldizkariak Geruzak proiektua garatu dute azken hilabeteotan: gazteen kezka eta galderetatik abiatuta gogoeta pizteko webgunea. Gogoeta-gai bakoitzak dokumental bat izango du lagungarri, "kaiera tematiko propioa" eta kultur diziplina desberdinetako erreferentziak ere material osagarri gisa. Egindako dokumentaletan lehen emanaldi publikoak, Desira izenekoa (trailerra estekan), bihar asteazkena (urriak 19) estreinatuko da publikoki Donostian, San Telmo Museoan, 19.00etan; eta ondorengo solasaldiarekin osatuko da emanaldia.

Dokumental emanaldiaren ondoren, solasaldia egongo da, eta Ziztada & Rlantz-en musika emanaldiarekin amaituko da ekitaldia. Sarrera doan da San Telmorako 19rako, baina izena eman mesedez kaixo [a bildua] geruzak.eus helbidean edo webgunearen bidez

Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko proiektua da Geruzak, gazteekin gazteentzat egina. Lander Garrok zuzendu ditu ikus-entzunezkoak non gazteak dira protagonista.

Horrela azaldu zuen proiektuaren aurkezpenean Lorea Agirre Jakineko zuzendariak: «gai eta auzi jakinen bueltan, gazteen hitza, gazteen bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak jaso nahi izan ditugu eta dokumentaletara ekarri». Horrela, gazteak libre ikusiko ditugu euren ideiak partekatzen, harilkatzen, osatzen «elkarren aurrean biluztuz eta elkar jantziz». Dokumental horiek ikusiz, denok jantzi ahalko gara eta gogoeta gehiagoren sorburu izatea da helburua. Gainera, sortutako hausnarketarako espazio honek "euskaratik pasarazi" ditu euren kezka eta interesak, eta euskarari esparru hori ematea ere bada xedea.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu