Teknologia albisteak

Svante Pääbo paleogenetistari Nobel saria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-10-03 : 16:47

Svante Pääbo (Stockholm, 1955) genetista suediarrari eman diote gaur fisiologia eta medikuntzako Nobel saria. Pääbo ez da zuzenean medikuntzara emaniko gizona, paleogenetista baizik, gizakien aztarna fosiletatik DNA ateratzen eta aztertzen aitzindaria izan da. 

Berak zuzendutako ikerketa taldeen lorpen handien artean daude:

  • Neandertalen genomaren lehen azterketak. 1996an DNA mitokondrialaren sekuentziazioarekin, sapiens modernoa ez den gizaki baten lehen azterketa genetikoa lortu zuen.
  • Neandertalak eta gu, ahaidetza argituta. 2006an neandertalen genomaren azterketa osoagoa argitaratu zuen, eta bi datu nabarmen bertan: batetik neandertalak ez dira sapiensen arbaso zuzenak, baina bai ahaidea. Duela 100.000-50.000 urte artean hibridazio edo gurutzaketa gertatu zen sapiens eta neandertalen artean. seguruenik, Asia Hurbilean, eta horren ondorioz, gaur egungo genomaren % 1-4 neandertalena da, proportzio handiagoan Afrikatik kanpoko populazioetan, bertakoetan baino. Giza zabalkundearen historia berridatzi zen horrela: sapiensak Afrikan sortu ziren, baina handik uirten zirenean Eurasiara, neandertalekin gurutzatutako populazioak izan ziren hedatu zirenak.
  • Espezie berri bat aurkitu zuen: Denisovako gizakia. 2010eko ikerketa batean Siberiako Denisova haitzuloko hezur batzuetan giza-genoma aurkitu zuten, baina oso desberdina neandertalengandik edo sapiensengandik. Hala ere, espezie berri horren aztarnak ere badira gaur egungo Eurasiako giza populazioetan. Lehen aldia izan zen Denisovarren aurkikuntzaren hau genetikak ahalbidetu duena hominido espezie baten identifikazioa.
  • 2018an, beste hibridazio baten berri: Denisovako beste hezur batean, ama neandertala eta aita denisovarra zuen neskato baten ebidentzia aurkitu zuen.

Erantzun

Sartu