Gaur urriak 1 larunbata, 12.00etan Leire Narbaiza (Eibar, 1968) blogari eta irakasleak, Interneteko eta euskalgintzako ekintzaile nekaezinak, omenaldia jasoko du bere herrian, Eibarren. Herriko Eta Kitto euskara elkarteak antolatzen duen Sagardo Egunaren barruan, txotx irekieraren ekitaldia (eguerdian Untzaga plazan) omenaldi hau markatzeko unea izango da: herrigintza, euskalgintza eta gintza guztien alde Leire Narbaiza @Txargain-ek egindakoak saritzeko. "Euskara-irakasle, euskalgintzako militante, hainbat hedabidetako kolaboratzaile, tartean …eta kitto! astekarikoa, egindako guztia eskertu eta errekonozituko zaio" Narbaizari gaurko egunez, Eta Kittok adierazi duenez.
Elkarrizketa egin diote Eta Kitton, eta omenaldi honek sentiarazten dizkionak kontatu ditu bertan Narbaizak, besteak beste halako batr jasotzeko gazteegi ere badela esan diotela.
Hain zuzen ere Eta Kitto elkartearen sortzaileetako bat da Leire Narbaiza, eta Interneten Eibar.org elkartea berdintsu. Elkarte horrek euskarazko blog komunitate aitzindari bat sortu zuenean, Txargain bloga ireki zuen bertan Leire Narbaizak; Kalamuatik Txargainera. Blogetik hedabideetako iritzigintzara pasatutako da Leire Narbaiza. Sustatun ere, kolaboratzaileak genituen aroan, idazten zuen Narbaizak ('Zer erantzi' atal hartako adibide bathemen). Irudirako aukeratu duguna, Marimaistra, bere beste abatar bat Youtuben aurki daitekeena, 60 atal katxondo.
Aipaturiko elkarrizketa horretan, bere ibilbidearen gako batzuk ematen ditu Narbaizak:
"Beste batzuk euskararen alde egiten ibili dira eta ez dituzte hainbeste zorakeria egin. Ia denari baietz esaten diot, erraza naiz, eta beti gustatu izan zait gauza ezberdinak egitea eta proiektuetan parte hartzea. Blogari izatea bakarkako lana da, baina beste guztia taldean egin dut. Blogari lana ere eibar.org komunitatearen barruan egiten dut. Orduan, hori ere, bakarkako lana bada ere, talde baten barruan dago. Aipatu dituzun ekimen guztiak kolektiboak dira (Badihardugu euskara elkartea aipatu beharko litzateke) eta Sagardo Egunerako deitu zidatenean pentsatzen nuen talde baten izenean jasotzeko deitzen zidatela. Hau da, …eta kitto! Euskara Elkartearen sorreran ibili ginen gazteen izenean. Azkenean, ez naiz ni, gu gara. Euskara bezala."
Zorionak Leire, ondo merezia duzu.
Erantzun
Sartu