Teknologia albisteak

EITBren ekoizpen batzuk, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, Amazon Prime plataforman ikusi ahalko dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-04 : 16:30

EITBek eta Amazon Prime Videok hitzarmena izenpetu dute aste honetan, telebista publikoaren ekoizpen batzuk streaming zerbitzua eskaintzen duen Prime plataforman ere zabaltzeko. ETBko euskarazko eta gaztelaniazko edukia izango da Amazon Prime plataforman ikusi ahalko dena. Ez dute zehaztu ea Iparraldean ere ikusi ahalko den, Amazon Primeren Frantziako plataforman.

Pasa den astelehenean iragarri dute EITBk eta Prime Videok euren arteko lankidetza-hitzarmena eta dagoeneko eskuragarri daude Prime Video plataforman Amazonek EITBri erositako ekoizpenak. 

Prime Videok hainbat ikus-entzunezko produkzioren eskubideak eskuratu ditu, streaming zerbitzuan SVOD edo nahieran hedatzeko. Horien artean 'Go!azen'en filma eta euskal sukaldari ezagunei buruzko dokumental-sorta bat egongo direla azpimarratu dute. Euskarazko eta gaztelaniazko edukia dago programa-sorta horretan. 

EITBko arduradunek adierazi dute hitzarmen honi esker telebista publikoak beste leiho bat gehiago izango duela bere edukia zabaltzeko. 

Prentsa-oharrean aipatu dituzten programen artean daude, goian aipatutakoez gain, beste zenbait dokumental. Adibidez, Kontxa: Pasioa eta garaipena, Kontxako estropadaren historia errepasatzen duen dokumentala; Bilbo denboran zehar, Felix Linaresek kontatutako hiriaren erradiografia; eta Amalurra, euskal natura biziari buruzko serie dokumental bat, fauna eta ekosistema naturalen irudi ikusgarriekin. Ahoan laztan / Caricias del sabor dokumentalaz ere gozatu ahal izango da; ekoizpen horrek Eneko Atxa sukaldariaren sukaldaritza eta sorkuntza ditu ardatz. 

Sukaldaritzarekin jarraituta, Amazonen ikusi ahalko diren dokumentalen artean daude Hasier Etxeberriaren zuzendaritzapean bost euskal sukaldari handienenen inguruan egindako lanak: Arzak, Aduriz, Arbelaitz, Berasategi eta Subijana

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago