Teknologia albisteak

Ezagutzen ditugun (ia) proteina guztien 3D egitura zehaztu ahal izan dute Adimen Artifiziala erabiliz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-05 : 09:55

Googleren jabetzako DeepMind konpainiaren AlphaFold adimen artifizialaren programak, Europako Bioinformatikako Institutuarekin lankidetzan 200 milioi proteina baino gehiagoren 3D egitura iragartzea lortu du. Emaitzak modu irekian zabaldu dira komunitate zientifikoak erabili ditzan.

DeepMind konpainia britainiarrak eta European Bioinformatics Institute of the European Molecular Biology (EMBL-EBI) laborategiak, Adimen artifizialaren (AI) bidez, zientziak katalogatutako ia proteina guztien 3D  egituren iragarpenak egitea lortu dute. Egitura horiek AlphaFold datu-basearen bidez partekatu dituzte doan eta modu irekian. 

DeepMind tresna eta datu-basea 2014an erosi zituen Googlek. Harrezkero gero eta erreminta aberatsagoa bilakatu da, zientzilarien artean erabilera handia izaten ari dena. Azkenengo nobedadea da datu-base horretan aurkitu daitekeen informazioa izugarri handitu dela azken hilabeteotan, milioi bat proteina-egitura izatetik 200 milioi egitura izatera igaro delako, gure planetako organismoen ia proteina guztien egitura bilduz, AI bidez. 

Datu-basean izan den eguneratze honek espezie gehienentzat aurreikusi daitezkeen proteina-egiturak zehazten ditu (landareak, bakterioak, animaliak eta beste organismo batzuk barne), bizitza-zientzien ikerketarako bide berriak irekiz, erronka globaletan eragina dutenak, hala nola iraunkortasunean, elikagaien eskasian eta pandemietan. Gainera, argitalpen honek bioinformatikan eta konputazioan ikerketa bide berriak irekiko ditu, ikertzaileek datu-basean ereduak eta joerak detektatzeko aukera emanez.

"AlphaFold-ek proteinen unibertsoaren 3D ikuspegia eskaintzen du", Edith Heard EMBLko zuzendari nagusiaren hitzetan. "Gaixotasunen aurkako borrokatik plastikoen kutsadurara, AlphaFoldek dagoeneko eragin izugarria izan du eta laguntza handia da gure erronka global handienetan", gaineratu du. 

Datu-base honek etorkizunean oso aukera zabalak eskainiko omen dizkie zientzilari eta ikerlariei.

 

Irudia: Wikipedia cc-by-sa.

Erantzun

Sartu