Asteburuan hil da Nichelle Nichols aktorea, 89 urte zituela, Silver Cityko (Mexiko Berria) bere etxean. Bere aktore lana, batez ere, Star Trek telesailarekin lotuta egon zen, Nyota Uhura teniente ezaguna izan baitzen 1966-1991 bitartean. Emakumezko beltz batek horrelako paper bat antzezten zuen lehenengo aldia izan zen eta emakume afroamerikarren eskubideen aldeko ikur bilakatu zen Nichols. Uhura tenienteak erakutsi zien afroamerikar gazteenei zurien eskubide berdinak zituztela eta agintera iristeko aukera eta eskubidea zutela.
Pentsa, 1966. urtea. Zientzia fizkioko historian goi-goian sartuko zen telesail bat estreinatu zuten telebistan, Star Trek, eta espazio-ontziko gidarien artean emakumezko bat, eta gainera beltza, eta gainera ontzi horretako agintean Teniente karguarekin, eta gainera zuri bat laztantzen. Nola ez, ba, hautsak arrotuko Nichelle Nicholsek eta bere Uhura pertsonaiak. Nola ez ba emakume afroamerikarren ikur bilakatuko.
Lehenengo denboraldiaren amaieran, antza, Nicholsek telesaila uztea erabaki omen zuen, baina Martin Luther King berak eskatu omen zion jarraitzeko, bere lana hain zelako garrantzitsua komunitate beltzarentzat. Horrela, telesaileko pertsonaia nagusi eta ezagunenetakoa izateaz gain, telesai horri eta ondoren etorriko ziren Star Trek pelikulei esker, Nicholsen izena telebistaren historiari eta emakume afroamerikarren eskubideei lotuta egon da harrezkero.
Uhura tenientearen pertsonaia 25 urtez egin zuen Nicholsek (1966-1991) bai hasierako telesailean, bai ondorengo filmetan, zein animazioko lanetan ahotsa ezartzen ere. Ondoren, Uhura tenientearen papera Zoe Saldanak hartu zuen reboot pelikuletan.
Izaera atsegin eta umoretsua zeukan Nicholsek, Star Trek telesailaren zaletu trekker-en artean egiten ziren topaketetan ere sarri hartzen zuen parte, eta azken urteotan ere pertsonaia ezagun eta maitatuenen artean jarraitzen zuen.
1977az geroztik eta oraintsu arte, NASAren programa batean murgiluta egon zen, astronauten artean emakumeen eta, batez ere, gutxiengo etnikoetako emakumeen kopurua handitzeko asmoz. Horrelako ekimenengatik, sarri esan izan da, Nicholsek eragin handiagoa izan duela pantailatik kanpo zineman bertan baino.
Uhura hitzak askatasuna esan nahi du swahili hizkuntzan. Ez zioten izena edonola aukeratu.
Irudia: Wikipedia cc-by-sa.
Erantzun
Sartu